Suhiltzaileek txakur bat erreskatatu dute, Buetraitzeko zulo batean jausi ostean

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko ots. 7a, 16:35
'Uda' zulotik ateratzen. Argazkiak: Oñatiko suhiltzaileak.

Astearte arratsaldean Buetraitz mendi inguruan dagoen zuloetako batean erori zen Uda txakurra. 15 metro inguruko sakonera du leize-zuloak eta bertatik ateratzea ezinezkoa zela ikusirik, jabeak 18:00ak inguruan larrialdietara deitu eta beherako bidea hartu behar izan zuen. Oñatiko suhiltzaileek onik erreskatatu zuten txakurra asteazken goizean.

Asteartean, Ondarrutik Oñatira etorri ziren Uda artzain-txakurra eta bere jabea, Buetraitzera igo (1.320 metro) eta eskiatzen jaisteko asmotan. Beherako bidea hartzerakoan jabeak txakurrari deitu zion atzetik joan zedin, hark jabeak egindako bide hartu beharrean diagonaletik jo zuen eta tontor inguruan dauden leize-zuloetako batean erori zen.

Suhiltzaileak txakurra erori zen zulora iristen.

18:00ak inguruan jaso zuten abisua Zubillagako suhiltzaileek eta dagoeneko iluntzen hasita zegoenez, hurrengo goizean joatea erabaki zuen arduradunak. Lau suhiltzaile joan ziren asteazkenean artzain-txakurraren bila, horietatik hiru oñatiarrak. 09:50ean iritsi ziren Uda zegoen zulora, eguraldi ona lagun, azkarra izan zen erreskatea; animaliaren bila jaisteko instalazioa prestatu, leize-zuloan beheraino joan, txakurra lotu eta 10:30erako kanpoan zeuden. Hankan golpe batekin, izututa eta hotzak zegoen Uda, baina onik.

'Uda' onik, zulotik atera ostean.

Asteartean haize asko egin zuen mendi inguruan eta pilatutako zegoen elurra Buetraitzeko zuloak dauden aldera mugitu zen -tontorrera begira eskuinaldean-, leize-zuloak ikustea zailduz.

Uda erori zen zuloa Buetraitzeko tontorretik 200-300 metrora dago, 12-15 metro arteko sakonera dauka eta sarreran 2 metro inguruko zabalera. Zuloa ez da goitik behera zuzena, erreskatean parte hartu zuen suhiltzaileetako batek azaldu duenez, bi maila ditu, lehenengo bertikala den tarte bat, amaieran elurrarekin, eta beherago jarraituta zabalagoa da, ibiltzeko moduan 4-5 metro inguru dituena. Txakurra harri baten gainean eserita aurkitu zuten suhiltzaileek, zuloaren beheko partean.

Suhiltzaileetako bat 'Uda' erreskatatu zuten zuloan sartzen.

Arriskuak gero eta nabariagoak

"Jendea ez da jabetzen bertan dagoen arriskuaz"

Erreskatean parte hartu zuen Oñatiko Gaizka suhiltzaileak azaldu duenez, "azkenaldian Buetraitz eta Artzanburu ingurura jende asko etortzen da, asko elurra egiten duen egunetan eta nabariak dira dauden arriskuak; atzo garbi ikusi zen, edonor eror zitekeen zulo hartatik". Uda erori zen zulotik oso gertu –metro batera–, mendizaleen arrastoak ikusi zituztela azaldu du suhiltzaileak. Gaineratu duenez, "duela urte batzuk leku berean beste pertsona bat erori zen eta tibia eta perone hezurrak puskatuta atera zuten". Horregatik, suhiltzaileak garrantzia berezia ematen dio mendiari errespetua ez galtzeari, "jendea ez da jabetzen bertan dagoen arriskuaz".

Ezagutzen ditugun mendiak izan arren, kontu handiz ibili behar dela azpimarratu du suhiltzaileak, batez ere eguraldi txarrarekin, mendiari errespetua galdu gabe: "Arriskuak asko dira, ez bakarrik zulo batetik erortzea, baita galdu, arbola edo harri bat jo... oso leku harritsua da Buetraitz". Lekuak berak dituen arriskuez gain, inguruan jende asko ibiltzen dela dio suhiltzaileak, gero eta gehiago, baita eguraldi txarrarekin ere, "arriskua handituz". Horretaz gain, mendira joaten direnen profila aldatzen doala azaldu du oñatiarrak, "orain asko kirola egitera joaten dira, neguan eskiatzera edo korrika egitera eta udan asko bizikletarekin".

Buetraitz inguruko zuloak

Buetraitz inguruan lauzpabost zulo daude, neurri ezberdinetakoak, horietako batzuk babes hesirik gabe. Uda erori zen zuloaren inguruan sei makila daude, hiruna alde bakoitzean. "Ziurrenik garai batean artzainek egindako itxiturak dira, beraien animaliak ez erortzeko", baina gaur egun ez dute balio erorketak saihesteko. "Neguan ehunka pertsona ibiltzen dira inguru hartan eta arriskua jendeak uste duena baino handiagoa da", dio inguru horietan aditua den Oñatiko suhiltzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak