EAJk beharrezkoa ikusten du bultzada handiagoa ematea merkataritzari eta ostalaritzari

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko ots. 5a, 11:46
Herritarrak kale Barrian

Biak, merkataritza eta ostalaritza, beharrezkoak direla diote jeltzaleek "herriari bizia ematen diotelako eta zerbitzuak eskaini herritarrei". Baina arriskuan daudela uste dute eta "ezinbestekoa" ikusten dute neurriak hartzea desagertu ez daitezen.

Oñatiko EAJren udal taldeak dio atera duen prentsa oharrean, herriko merkataritzaren eta ostalaritzaren "egoera larria" dela eta horren aurrean "neurriak hartu" behar direla. Gaineratu dute sektore hori babesteko hainbat proposamen aurkeztu dituztela,. "zoritxarrez Udal Gobernuak onartu ez dituenak". Hauxe diote: "Egoera larri honen jakitun, azken 3-4 urteotan sektoreari benetan laguntzeko proposamen zehatzak egin ditugu: merkataritzari laguntzeko Plana, diru-laguntzak teknologia berrietarako, belaunaldi aldaketarako… komertzioak berritzeko aholkularitza eta diru-laguntzak, belaunaldi erreleboa errazteko eskuragarri dauden lokalen inbentarioa. 2019rako, merkataritzaren eta ostalaritzaren egoeraren eta oñatiarren kontsumo ohituren inguruko azterketa egitea eskatu dugu, hori oinarri hartuta, urtez urteko neurri zehatzak jasoko dituen Plan bat egin ahal izateko, belaunaldi erreleboa, internet eta azalera handien konpetentzia bezalako arazoei irtenbidea bilatzeko. Eta bereziki, negozio berriei, tartean denda txikiei, lehen 3 urteetan alokairua finantzatzen laguntzeko diru-laguntzak, besteak beste”.

Gai honi lotuta, turismo planaren errebisioa egitea ere eskatu dutela diote. "Plan estrategiko hau eguneratzeak helburu izango luke turismo jarduerak herriko merkataritza eta ostalaritzan duen eragina areagotzea, herriko denda eta tabernak ikusaraziko lituzkeen ibilbide edo zirkuituak eginez. Zehazki, helburua litzateke, turistak pasatzera ez mugatzea eta kontsumoa sustatzea ibilbide horien bitartez. Izan ere, Oñatin bisita turistikoak %16 igo badira ere 2018an, merkataritzan eta ostalaritzan honek ez du ia eraginik izan".

Herritarrei ere egin diete dei herriko komertzioetan kontsumitzeko "honek bizirauteko eta krisia gainditzeko aukera izan dezan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak