Emakumeen hitanoari eusteko ahalegina

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urt. 29a, 10:16

Roberto Altuna, Nerea Agirre, Onintza Negeruela, Edurne Arkauz, Itziar Murgiondo eta Idoia Etxeberria. (Argazkia: Ingo Xonau taldea)
'Ingo xonau!' du izena egitasmoak eta hitanoa erabiltzen duten herriko emakumeen diagnosia eta azterketa egitea da helburua. gizonetan ez bezala, emakumeen artean noiz eta zergatik eten den aztertu eta nola egiten den jaso gura dute, ez galtzeko.

Ingo xonau! du izena proiektuak eta Oñatiko emakumeen hitanoa jaso eta biziberritzeko proiektua da. "Egin izan da eta oraindik egiten da edo herriko emakume batzuek egiten dute, baina, mutiletan ez bezala, nesketan galdu egin da ohitura hori. Belaunaldi batean eten egin da eta neska gazteen artean, esaterako, apenas erabiltzen da", dio Idoia Etxeberria taldekideak.

Elkarrizketak eta grabaketak

Izan ere, filologoak, irakasleak eta feministak tartean dauden herritar batzuk elkartu dira eta taldea osatu dute proiektua garatzeko. Talde horretako kide da Etxeberria, hain zuzen ere. Dagoeneko pentsatuta dute nola egingo duten proiektua, eta horretan hasita daude. Hainbat fase izango ditu lanketak. "Lehenengo, identifikatu eta zenbatu egin gura ditugu noka hitz egiten duten Oñatiko emakumeak. Lokalizatu. Auzo bakoitzean zeintzuek egiten duten, eta gero, asmoa da emakume horietako batzuk elkarrizketatzea. Hori nola egin, egia esan, oraindik ez dakit zehazki. Izan ere, batzuek ahizpen artean egiten dute noka, lagunekin beste batzuek, konfiantza giroan... Eta garrantzitsua da grabazio horiek testuinguru horietan egitea. Eurekin aurrez aurre berba egiten hasten naizenean erregistroz aldatuko duten beldur naiz, eta ez genuke hori gura. Formula ezberdinak probatu beharko ditugu grabazioak dagokien egoeran egiteko, prest gaude jasotzeko", dio Idoia Etxeberriak. Taldekideak kontaktuak egiten hasi dira eta laster hasiko dira grabazioak egiten. Asmoa da grabaketa horiek www.ahotsak.eus webgunean eskegitzea gero. Lana nola egin duten eta atera dituzten ondorioak erakusteko, berriz, bideo labur bat egingo dute, eta hori urtearen amaierarako prest izatea da asmoa.

Badihardugu elkartearekin

Nokaren desagertzearen gaineko kezka adierazi zuten herritar batzuek Udalean, eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana egiteko diagnostikoan ere ondorio hori atera zuten udal arduradunek. Hala, Badihardugu elkartera jo zuen Udalak herriko emakumeen arteko hitanoaren diagnosia eta azterketa egiteko. Badiharduguk proiektua aurkeztu dio Udalari, eta Udal Gobernuak onartu egin du.
Proiektuan parte hartu gura duten herritarrak taldekideekin harremanetan jar daitezke. Hori egiteko bideak hauek dira: ingoxonau@gmail.com helbidea edo 615 75 57 84 (Idoia) telefono zenbakia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak