Arratsaldean zabalduko dute Aloñako igoerako izen-ematea

Deabrua Fuoruen plazan iazko lasterketa hasteko momentuan
Gauez egingo den Buetraitzeko igoera bertikalerako izen-ematea ere 15:00etan irekiko da. 80 korrikalari hartuko dituzte igoera bertikalean eta 300 linealean. Dortsalak azkar bukatuko diren susmoa dute antolatzaileek.
Arratsaldean zabalduko da izen-ematea Buetraitzeko eta Aloñako igoeretarako. Igoera bertikala maiatzaren 3an izango da, gauean, eta lineala, berriz, maiatzaren 5ean. 15:00etatik aurrera eman ahal izango da izena, www.sailkapenak.com webgunean.

80 eta 300

Proba biak prestatzen ari diren taldekideek uste dute azkar bukatuko direla dortsalak. "Egia da egun horretan Maeztun Espainia mailako txapelketa bat dagoela, eta hara ere joango dira batzuk, baina hemengo izen-ematea azkar beteko dela uste dugu. Aurten, gainera, zapatuan jarri dugu inskripzio eguna, ahalik eta jende gehienak aukera berak izan ditzan izena emateko", dio antolatze taldean ari den Mikel Urrutiak.
 
Probetako ibilbideak aurreko edizioetako berak izango dira. Buetraitzeko igoera bertikala hirugarren aldiz egingo da: Aloñako igoeraren hamargarren urteurrenean eta duela hiru urte izan ziren aurreko biak. Lehen aldia egin zutenean, asmoa zen bost urtean behin egitea. Duela hiru urte, jende berria sartu zen antolaketa taldean eta proba hori egitea erabaki zuten. Aurten, hamabost urte egingo ditu Aloñako igoerak, eta gaueko igoera bertikala ere antolatu dute. Maiatzaren 3an izango da proba hori, 22:00etan, eta 80 parte-hartzaile hartuko dituzte, gehienez. "Denboran ez luzatzeko jarri dugu kopuru hori. Lehenak minutu erdian behin aterako dira, baina azkenetakoak minutuan behin, eta, kopurua handituz gero, proba asko luzatuko dela iruditzen zaigu", dio Urrutiak.
 
Igoera lineala maiatzaren 5ean egingo dute, Oñatiko Foruen plazatik abiatuta, eta aurreko edizioetako ibilbide bera izango du; 300 korrikalariko muga jarri dute proba horretarako.

Eguraldia

Aloñako igoerako lantaldeak badu eskarmentua mendiko lasterketak prestatzeko, eta aurtengoa ere ondo antolatuta egoteko lan egingo dute, aurreko urteetan bezala. "Eguraldia izango da aurreikusi ezin duguna eta antolatu ezingo dugun elementu bakarra. Baina prestatuta egongo gara", dio Urrutiak.
Erlazionatuak

Buetraitzeko igoera bertikala maiatzaren 3an burutuko da

Oñati

XV. Aloñako Igoera maiatzaren 5ean izango da, baina aurten, gaueko Buetraitzeko igoera bertikala ere burutuko da. Azken hau, maiatzaren 3an ...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.