Elikadura kontzientea izango da BiziPoz egitasmoaren barruan otsailean hasiko den tailerraren gaia. Herritarrek hala eskatuta erabaki dute gaia. "Hau zazpigarren tailerra da eta hainbat gai landu ostean, osasunaren barruan, elikadurak interes handia pizten duen gaia dela ikusi genuen. 55 urtetik gorako jendeak asko daki gai honi buruz, baina orain beldur eta mito asko sartu dira eta interesa dute gai honetan", adierazi du Eider Etxebarriak, BiziPoz ekimenaren sortzaileetako batek.
Diaz de Monasteriogurenekin
Amaia Diaz de Monasterioguren dietista-nutrizionistarekin elkarlanean egingo dute formazioa. Zortzi tailerrek osatutako formakuntzaren bitartez, parte-hartzaileei baliabide eta tresna batzuk emango zaizkie elikadura ohiturak aldatzen ikasteko. "20 egunetik aurrera behar izaten dira ohitura aldaketa bat egiteko", argitu du Diaz de Monasteriogurenek. Eta gaineratu du: "Norberaren beharrak lantzen joango gara bost asteetan eta taldearen babesaren garrantziaz ohartuko gara". Izan ere, dietistaren esanetan, taldean egotea oso aukera ona izaten da norberak erronka bat jartzeko, taldean beti baitago babes handiagoa.
Emozioen garrantzia
Hasieran, elikaduraren gurpila erabiliko dute, norberaren bizitzan elikadura eta ongizatean parte hartzen duten alderdi desberdinak landuz. Horrela, bakoitzaren ohiturak ezagutu eta erronka batzuk finkatu asteroko elkartzeko unearekin, erronka horiek lortzen joango dira.
Amaia Diaz de Monasteriogurenen esanetan, emozioak eta elikadurak oso harreman zuzena dute. Gose mota desberdinak ditugu eta askotan gure emozioen arabera elikatzen gara, eta hori ohitura bihurtzean, arazo bilakatu daiteke. "Elikadura kontzientearen bidez konturatu behar gara zergatik ari garen horrela jaten", dio.
Izen-ematea
Udaleko gizarte zerbitzuekin batera antolatutako tailerra da eta izena telefono zenbaki honetara deituta egin behar da: 638 51 69 73. Urtarrilaren 30 da izena emateko azken eguna.