Zer dago apustu etxeen atzean? galdera duen hitzaldia eskaini zuen atzo iluntzean Igor Meltxor idazleak kultura etxean Trapu Zikinak Astintzen taldeak antolatuta. Drogen adizioarekin konparatu zuen berak apustuen mundua: "Drogen menpekotasunarekin paralelismoa egitean, hasieran jendea harrituta gelditzen zen, eta orain, motz gelditzen naizela esatera iritsi dira".
Gipuzkoan gehien
Arazoa prekarietatearekin lotuta saltzen digutela aipatu zuen, baina Euskal Herrian ez dela betetzen: "Hemen badaude herriak langabezia tasa oso baxuarekin eta adizio handiarekin. Euskal Herrian dugun arazoa da. Gipuzkoa da herrialderik zigortuena". Gai honi lotuta suizidioak arazo bilakatzen ari direla ere aipatu zuen eta jendea ingurukoengandik banatzen dela.
Meltxorrek aipatu zuen inork ez duela dirurik musu truk ematen eta galerak irabaziak baino handiagoak direla. "Normalizatuta dagoen arazoa da adizioa, eta sozializatu behar da".