Udaberriko jabetze eskolak badu egitaraua

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urt. 17a, 17:48
Pertsona bat brujula erabiltzen landa gune batean (Argazkia: queinvento.net)

Aurrekoetan moduan, autodefentsa eta batukada ikastaroak egongo dira baina baita irakurle eskola feminista ere adibidez, feminismoaren diskurtsoa lantzeko. Maskulinitateari buruzko ikastaroa ere antolatu du berdintasun sailak maiatzerako.

Emakumearen jabetze eskolak orain arte antolatu dituen ikastaroek izan duten harrera ona ikusita antolatu ditu udaberrirako tailerrak udaleko berdintasun sailak. "Orain artekoaren balorazioa oso positiboa da. Egitasmoaren arrakasta ikusita antolatu zen lehen aldiz udazkenekoa eta horren emaitzarekin ere pozik gaude. Esan daiteke jabetze eskola hau gero eta indar handiagoa hartzen ari dela eta Oñatiko eskaintzen artean bere tokia egiten ari dela", dio berdintasuneko udal teknikariak, Jone Arriolabengoak.

Betikoak eta berriak

Udaberrirako zazpi tailer antolatu dituzte, otsailetik maiatza bitartean egingo direnak. Horietako batzuk ikastaro klasikoak dira, urtero errepikatzen direnak, eta beste batzuk, aldiz, berriak. "Autodefentsa ikastaroa, esaterako, beti antolatzen dugu, oinarri zein sakontze mailan. Beti apuntatzen da jendea eta eutsi egiten diogu. Baita batukada ere. Tailer horretan izena ematen duten batzuk aurrekoetan ere ibilitakoak izaten dira, eta beste batzuk lehen aldiz apuntatzen dira. Eskalada da arrakasta handia izaten duen beste ikastaro bat. Berehala bete ohi izan dira plazak. Oraingoan, baina, mendi orientazio ikastaroa antolatu dugu horren ordez", adierazi du teknikariak. Patri Espinar bizkaitarrak gidatu du tailer hori eta autonomia osoz mendiko ibilbideak diseinatzen erakutsiko die apuntatzen direnei. Mapa eta iparrorratza erabiltzen irakatsiko die, besteak beste.

Ibilgailuen gaineko oinarrizko mekanika ikastaroa ere egongo da. "Brikolajearekin lotutakoren bat beti egoten da, eta oraingoan mekanikarena antolatzea pentsatu dugu".

Maskulinitateari buruzkoa

Jabetze eskolako egitaraurekin batera, beste proiektu batzuk ere baditu esku artean berdintasun sailak: Martxoak 8 egunaren harira ekitaldiak antolatzea eta maskulinitateari buruzko tailerra prestatzea. "Maiatzean izango da eta hiru saio izango ditu. Proba moduan antolatu dugu eta duen interesa neurtuko dugu aurrerantzean ere gehiago antolatzeko".

Martxoaren 8aren bueltan, antzezlan bat, dokumental bat eta Zinegoak egitasmoa egongo direla aurreratu du berdintasun sailak, baina ez dira egingo diren ekitaldi bakarrak, herriko beste eragile batzuekin batera gehiago ere egingo direlako.

Antolatu dituzten ikastaroak eta datak

• Pentsatzen ikasi eta pentsatzeari uzten ikasi: Otsailaren 6tik 15era, 24 ordu. Mertxe Arratibel (gazteleraz). 20 euro
• Bizitzaren labirintuak. Krisiak eta doluak: Martxoaren 25etik ekainaren 3ra, 24 ordu. Pepa Bojó (gazteleraz). 20 euro
• Mendi orientazioa: Martxoaren 16tik maiatzaren 4ra, 24 ordu. Patri Espinar (euskaraz). 20 euro.
• Oinarrizko mekanika: Apirilaren 29tik maiatzaren 27ra, 10 ordu. Paz Carbajosa (gazteleraz). Bost euro.
• Autodefentsa feminista: Martxoan eta apirilean, oinarrizko eta sakontze mailak. Emagin (euskaraz). Bost euro.
• Irakurle eskola feminista: Otsailak 19, martxoak 5, apirilak 16 eta maiatzak 21. Iratxe Retolaza (euskaraz). Bost euro.
• Batukada:  Martxoak 20, apirilak 3, maiatzak 8 eta 22, ekainak 5 eta 19. Hamabi ordu. Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedo (euskaraz). Hamar euro

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak