Gaizka Salazar: "Amets txiki bat zen, eta amets handi bihurtu da orain"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko urt. 11a, 12:31
Gaizka Salazar, Erabatera taldeko bateria-jolea. Argazkia: Gaizka Salazar.

Kantu pertsonalak sortu zituen Salazarrek, minetik, eta lagun musikariei eskatu zien, gero, forma ematen laguntzeko. Bidelagun izan ditu taldekide duen Mikel Caballero (Gatibu) baxujolea, Beñat Serna (Ken Zazpi) gitarra-jolea eta Jurgi Ekiza (Willis Drummond). Oñatiko Gaztelekuan izango dira etzi, domeka, 12:30ean.

Zer da, zuretako, EraBatera?

Amets txiki bat zen eta amets handi bat egia bihurtu da orain. Hau guztia dator aita hil zitzaigunetik, eta min horrek eragin zidan, handik eta denbora batera, gitarra soinean hartu, berba batzuk paperean islatu, eta abestien zirriborro batzuk egitea; eta, itxura ona zutela ikusi nuenean, lagun musikariei deitu nien. Eskertzekoa da hasieratik baiezkoa eman zidatela. Pixkanaka sortutako proiektua da.

Zelan sentitzen zara barruko min hori lehenengo taldekideekin eta gero publikoarekin partekatzen?

Egia esan, oso ondo. Prozesu luzea izan denez, orain, sentimenduak baretuta daude, eta dena bere tokian dago. Lehenengo entseguetan, baina, kantuak entzuterakoan, momentu nahiko bereziak izan dira.

Lagun musikarien atea jo zenuen.

Mikel Caballero, niretzako, anaia modukoa da, eta hari komentatu nion zertan ari nintzen. Ondoren, Beñatekin landu nituen kantuak, eta, Jurgi oso gustuko dudanez, hari eskatu nion horiek abesteko. Orain, berriz, taldekideek nik besteko ilusioa edo handiagoa dutela esango nuke. Kontzertuetan, baina, beste bi lagun gehiago daude: Miguel Moyano (Gari, Smile) sintetizadoreekin eta Josu Aginaga (Smile) gitarrarekin eta koruak egiten.

Zelako kantuak idatzi zenituen?

Hitzak askotarikoak dira: aitari eta lagunei eskainitakoak, bikote harremanei eta errefuxiatuei buruzkoak... Orokorrean, pop-rock estiloan koka daitezke, baina kolore edo estilo ezberdinetako kantuak dira.

Kantu horiekin amaitzen da EraBatera proiektuaren ibilbidea?

Gure ideia jarraitzea da, gogotsu gaude eta proiektuan sinisten dugu, nahiz eta guztion agendak uztartzea konplikatua den.

Eguerdian izango da etziko kontzertua. Zer deritzozu?

Aukera interesgarria da, zerbait ezberdina. Polita!

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak