Oñatiko Inauteriak prestatzen hasi dira

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko urt. 12a, 15:17

Otsailak 28an hasi eta martxoaren 4ra bitartean ospatuko dira Aratusteak aurten, eta Oñatiko Inauteriak taldeak hasi da dagoeneko martxoak 2, zapatua, egingo duten jairako motorrak berotzen eta lanak prestatzen. Gaur, zapatua, askotariko herritarrak elkartu dira Eltzian egin duten entseguan. Hurrengoa, martitzenean, 20:00etan egingo dute.

2013an hasi ziren Oñatin Inauteri Zapatua indartsuago ospatzen. Oñatz dantza taldeak gidatutako ekimena izan zen arren, hasieratik gura izan zuten ekimen herrikoia izatea eta halaxe sortu zuten askotariko herritarrak batzen dituen Oñatiko Inauteriak taldea. Jaian parte hartu gura duten guztientzako ateak zabalik dituztela adierazi du taldeko Zuriñe Lazkanok: "Helburua ahalik eta herritar gehien batzea da, adin eta profil askotarikoak, eta dantzan trebea izatea ez da baldintza. Urtez-urte jende gehiago batzen gara; poztekoa da gaur hurbildu den jende kopuru polita ikustea. Aurreko urteetan izandakoak badaude baina lagun berri askok eman dute izena aurten, horregatik, gaur, zapatua, bi taldetan banatu gara, hasi-berriak, batetik, eta dantzak ikasiagoak dituztenak, bestetik. Hala ere, dantzan trebea ez denak, edo dantza egitea gustuko ez duenak, baina jaian gurekin parte hartu gura duenak pertsonaia moduan ateratzeko aukera ere badu".   

Martitzenetan eta zapatuetan, Eltzian

Euskal Herriko beste toki batzuetako dantzak eskaintzen hasi ziren, baina orain dela hiru urte dantza berriak sortzen hasi zirela gaineratu du Lazkanok: "Lagun-talde bat elkartu ginen eta hainbat adituen laguntzarekin, egun horretarako Oñatiko dantza berriak asmatzea polita izango zela pentsatu genuen; hortaz, euskal dantza ezagunetako pausuak oinarri hartuta, bost dantza eta bi kalejira osatu genituen. Astean birritan elkartuko gara horiek ikasteko: martitzenetan, 20:00etan, eta zapatutan, 12:00etan. Animatu eta etorri gurekin, oso egun polita izaten da!".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak