Turismoa %16 igo da 2018an Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko urt. 4a, 11:06

Turistak parrokiako bisita gidatuan parte hartzen udan

Txokolateixiak izan du igoera handiena, %63 gehiago, eta Arrikrutzen orain arteko datu onenak lortu dituzte. Arantzazuko zein Oñatiko Turismo Bulegoetan jaso dituzten bisitarien kopuruak ere gora egin du. "Oñatik urtetan bultzatzen ari duen kalitatezko turismo eta turismo jasangarriaren emaitza" dela dio Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako arduradun Ikerne Altubek.

Oñatiko Udalak jakinarazi duen moduan, zuzenean udalak kudeatzen dituen turismoa baliabideetan ( Arrikrutz-Oñatiko Kobak, Txokolateixia eta Oñatiko Turismo Bulegoan ) %16 bisitari gehiago jaso dituzte 2018an aurreko urtearekin alderatuz.

Datuak

Datu hori baieztatzen duten kopuruak ere eman ditu Oñatiko Udalak. Arrikrutz-Oñatiko Kobek, esaterako, zabaldu zireneko datu onenak izan ditu 2018an, 16.566 bisitari jasota. Txokolateixian, berriz, %63 igo da bisita gidatuen kopurua; udaberri eta udazken bitarteko hilabeteetan jaso dituzte bisitari gehienak. Oñatiko Turismo Bulegoak %10 bisitari gehiago jaso ditu, 17.096 lagun, eta bigarren urtez Arantzazuko Turismo Bulegoko bisitarien kopurua gaindituz. Bisita gidatuetan, berriz, %16 gehiago jaso dituzte Oñatiko bulegoan, bisitariek denbora gehiago egin dutelarik herrian.

Oñatiko eta Arantzazuko Turismo Bulegoek bisitariak erakarri dituzten bitartean, Gipuzkoek (-%6) eta Euskadikoek (-%4) gutxiago jaso dituzte.

Arrazoiak

Ikerne Altuberen esanetan, Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako arduraduna, "Oñatik urtetan bultzatzen ari duen kalitatezko turismoa eta turismo jasangarria" dira emaitza honen arrazoia. Adierazi du Oñatiko turismo baliabideen kudeaketak, etengabeko heziketa eta kalitatezko zerbitzu jasangarriak bultzatzea duela helburu. Arlo publikoa, arlo pribatuaren aurrean eredu izan eta bisitari edo turistei herriaren kalitatezko irudi eta marka emateko, 2006an Oñatiko Turismo Bulegoak turismoko kalitatezko Q ziurtagiria lortzera bideratu zuen eta etengabeko hobekuntza programa martxan jarri eta turismo zerbitzua kalitate onean eskaintzen hasi zen.

Hobekuntzari jarraipena emateko asmoz, 2010ean, hiru urte lehenago bisitariengana zabaldutako Arrikrutz-Oñatiko Kobek  Turismo kalitatearen konpromisoa ziurtagiria lortu zuten, "betiere jasangarritasun ereduak jarraituz". Eta gaineratu du Iturbek: "Kalitate turistikoaren sistema hori erakundeetan kalitatearen kultura txertatzera bideratuta dago eta, horretarako, kalitatezko zerbitzua diseinatzeko beharrezkoak diren tresnak eskaintzen ditu turismo-sektore osoarentzat, kalitate-marka bakarra finkatuta. Aurrez aipatutako helburuari so eginez, gaur egun, erregistratutako ostatuen gehiengoak horrelako ziurtagiria lortu dute edota lortzeko bidean dabiltza".

Aurrera begira, egokitutako eta gastronomiarekin loturiko ziurtagiriak bultzatu izan dira eta turismo zerbitzu publikoek ere parte hartu dute. Adibidez, Txokolateixia, txokolatearen interpretazio zentroa. "XIX. mende hasieran Oñatin hamarretik gora txokolate fabrika izateak herrian izan duen oihartzuna eta gaur egun jainkoen jakia dastatzeko gunea, bertako produktuen leiho bihurtzeaz gain Euskadi Gastronomika ziurtagiria lortu eta gozogintza aktibitatea bultzatzen lagundu du, gainera, bertako bizkotxoa berreskuratu eta madalenak sortu ditu", esan du Ikerne Altubek.

Jasangarritasun bidean berriz, Oñatik turismo ez masifikatua bultzatu izan du eta bultzatzen jarraitzen du. Berezitasun hori, "inguru natural, sozial eta ekonomiko batean garatu da, eta bertan egin diren eta egiten diren turismo ekintza eta ematen diren zerbitzuak bertako komunitatearen balioekiko errespetuan oinarritu dira", Altubek zehaztu duen moduan.

Aurrerantzean ere bisitariak hartzeko lanean jarraituko dutela gaineratu du Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako arduradunak: "Historikoki Oñatik beti hartu izan ditu bisitariak  eta turismo garapena herriaren ondare naturala, kulturala eta ekonomikoa kontuan izanda egin da eta horrela jarraituko du egiten. Eskerrik asko  Oñatira hurbildu zareten guztioi!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak