Abenduaren 10ean piztu zituzten kalean jarritako Gabonetako argiak eta aste hartan izan ziren urte amaierarako antolatu diren lehen emanaldiak. Orduko musika kontzertuen ondoren, baina, gehiago ere izango dira aurtengo Gabonetan Oñatin. Gabon kantak abestuko dituzte abesbatzek herriko kaleetan, Olentzerok eta Mari Domingik ere esan dute 12:30erako plazan egongo direla, ur jolasak, kuadrillen arteko kirol txapelketak, kontzertuak, erakusketa, antzezlana, puzgarriak... dira adibide batzuk. (Ekitaldiak agendan daude sartuta).
Txandaren saskiak eta sariak
Txanda elkarteak zuzeneko sariak eta zozketa bidez emango dituen 200 euroko sei sari ditu, Gabonetan erosketak herriko komertzioetan egiten dituzten bezeroei emateko. "Gabon hauetan ere betiko arreta eskainiko digu bezeroei, eta gugan jarri duten konfiantzagatik eskerrak eman gura dizkiegu sari hauekin. Erosketak egiterakoan momentuan hazkatu behar diren txartelak ematen ditugu, eta herriko produktuz beteta dauden saskiak tokatu ahal zaizkie. Horrez gain, izena eta telefono zenbakia papertxo batean jarri eta 200 euroko sei sarietako bat eskuratzeko zozketan sartuko dira", dio Txandako kide den eta Singular saria jaso berri duen Chic dendako Irma Juaristik.
Erakusleiho lehiaketa
Herriko 27 dendak, gainera, Udalak antolatzen duen Gabonetako erakusleiho lehiaketan hartu dute parte, eta bihar, zapatua, eguerdian egingo dute sari emate ekitaldia, 13:30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Epaimahaikideek hiru sari emango dituzte; laugarren saria jasoko du herritarren boto gehien eskuratu dituenak. 1.700 euro emango dira saritan, guztira.