Udalaren diru-kutxaren egoeraz "arduratuta" dagoela dio EAJ-k

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko abe. 19a, 19:14
Abenduaren 5eko osoko bilkuran onartu zituzten 2019ko aurrekontuak

Kiroldegiko obrei aurre egiteko aurrez dirurik ez gorde izana "gobernuaren kudeaketa falta" dela berretsi du alderdi jeltzaleak.

Udaleko alderdi jeltzalearen iritziz, "egungo EH Bilduren gobernuaren plangintza ekonomiko ezak Oñatiko udalaren kontuen etorkizuna zailduko du urte askotan". Adierazi du 2019rako Udal Gobernuak "sortutako zorpetze maila" ikusita oso "arduratuta" dagoela "udalaren diru-kutxaren egoera ekonomikoagatik" eta hori gobernuaren "kudeaketa faltagatik" dela gaineratu du.

EAJ-ko udal taldeak dio datorren urtean udalak eskatu behar duen sei milioiko kredituari kiroldegiko eta Olaitturriko obrak amaitzeko, "2020-2021 urteetan kontratatu beharko diren bost miloi inguruko kredituak gehitu" behar zaizkiola, "2019rako aurreikusitako partidek kostuen %43 besterik ez dutelako estaltzen". Gaineratu du: "Erabat desegokia iruditzen zaigu, bere agintaldia amaitzear dagoen gobernu batek, Oñatiko Udalaren diru-kontuak hainbat urtetarako arriskuan jartzea eta hipotekatzea" eta hori herritarrek jakin behar dutela uste dute.

Kiroldegiaren eraberritzea

Jeltzaleek adierazi dute beti babestu izan dutela kiroldegiaren birgaitzea, "igerilekuaren handitzeari lehentasuna emanez". Eta gaineratu dute: "Baina, agintaldia bukatzear den honetan hauxe da egoera, ia lau urte hauetan, udal gobernuak behin eta berriz iragarri du kiroldegiaren birgaitzea prentsan, baina, aldi berean, ez du egin horretarako behar diren inbertsio handiei aurre egiteko diru erreserbarik eta, honek, orain guztia kreditu bidez finantzatzera eraman gaitu. Gaia are larriagoa da kontuan izanik, udal gobernuak prentsan argitaratu zuen 5,5 milioiko aurrekontua orain 8 milioiko aurrekontu bilakatu dela, hau da, %45 gehiago. Aurrekontu berri honek bere finantzaketaren bideragarritasuna nabarmen larriagotzen du eta, gure iritziz, birgaitzearen planteamendua berrikusi eta doitu beharko litzateke, oinarrizko beharrei lehentasuna emanez, horien artean, noski, igerilekuaren handitzea”. Eta jarraitu dute: “Berriz diogu, funtsen aurretiazko hornidura batekin, hau da, beste kudeaketa eredu batekin, ez litzateke egungo egoera sortuko. Adibidez, Urnietako (6.200 biztanle) kiroldegiaren birgaitzea aipa dezakegu. 8 milioi euroko aurrekontua du kiroldegiak baita kasu honetan ere, baina Udalak, 5,2 milioiko funts bat gorde du aurretiaz eta 2,5 milioiko kreditua besterik ez du behar izan egin beharreko inbertsioa amaitzeko. Beste kudeaketa eredu hau, erraz aplika zitekeen Oñatin, udal gobernuak behar zen ekonomia plangintzarekin jokatu balu”.

EAJ-k dio Oñatiren etorkizuna "urteetarako hipotekatuta" gelditzen dela: "6,06 milioiko kreditua kontratatzera eta, kiroldegia eta Olaitturri bukatzeko, datozen urteetan beste 5 milioik kredituak kontratatu behar izatera eraman gaituen aurretiazko ekonomi funtsen erreserbarik ez egin izanak, oñatiarrek eskatzen eta behar dituzten hainbat inbertsioren bideragarritasunari eragingo dio. Esaterako, Olakua-Olapotoko eremu guztien birgaitzea, Mendiko-kale, Kale-zaharraren bukaera eta Arquitecto Lizaur, Urrutxuko zabortegiaren deskontaminazioaren bigarren fasea, Azkoagain futbol zelaiaren birgaitzea, Urrutxuko kirol instalazioa, kanpoko igerilekua…. EAJ-PNVren udal taldeak beti aztertu ditu sakonki udal kontuak eta, azken urteotan, behin eta berriz eskatu izan dugu (egiazta daiteke) Finantza Plan bat egiteko, argi zegoelako zorpetze egoera honetara iritsiko ginela. Baina EH Bilduren udal gobernuak entzungor egin die beti gure proposamenei eta horrek egoera kezkagarri honetara eraman gaitu. Beraz, ez dugu inola ere bat egiten alkateak prentsan egin dituen hainbat adierazpenekin, errealitatearen erabat aurkakoak baitira. Alkateak esan du, besteak beste Udalaren egoera ekonomikoa ezin hobea dela hainbat urtetako inbertsioen planari ekiteko. Datu ekonomikoek aurkakoa adierazten dute zalantzarik gabe".

Gaineratu du sortutako egoeraren aurrean, udal kontu-hartzaileak txosten zehatza egin duel eta bertan jaso duela 2019ko aurrekontuek ez dutela betetzen Aurrekontuen Egonkortasun Araua ez eta Finantza Bideragarritasun araua
ere. Horregatik ez diela eman EAJ-k babesa 2019ko aurrekontuei, "nahiz eta udal talde honek egindako hainbat proposamen bertan txertatu diren, esaterako, San Martingo hariztian korrika egiteko pisten inguruko azterketa, Olakua eta Olapoto eremuen birgaitzea, edota nekazal sektoreari zuzendutako diru-laguntzak gehitzea, besteak beste".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak