Aitor Mugartzaren molekula izendatu du urteko onena C&EN aldizkari amerikarrak

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko abe. 17a, 14:30
Grafenozko mintz porotsua

Aitor Mugartza oñatiarrak parte hartu duen "Holey graphene" grafenozko mintza izendatu dute American Chemical Society aldizkariaren irakurleek 2018ko urteko "molekula hoberena". 

Institut Català de Nanociència i Nanotecnologia (ICN2), Centro Singular de Investigación en Química Biolóxica e Materiais Moleculares (CiQUS) eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) hainbat ikertzailek sintetizatu duten grafenozko mintz porotsua ‘urteko molekula’ izendatu dute American Chemical Society-ren C&EN aldizkariaren irakurleek. Zortzi ziren hautagaiak eta, irabazleak, botoen %58a lortu du.

Science aldizkariak apirilean publikatu zuen CiQUS zentroko Diego Peña ikertzaileak eta ICN2 institutuko talde buru Aitor Mugartza oñatiarrak zuzendutako lanaren emaitza. Baita DIPCko Ikerbasque ikertzaile Aran García-Lekuek egindako ekarpenak ere. Aldizkari amerikarrean publikatutako lanak mintz porotsu honek elektronikan, filtroetan edo sentsoreetan izan ditzakeen aplikazioak azaltzen zituen.

Grafenoak dituen poroek –zeinen tamaina, forma eta dentsitatea zehaztasun atomikoarekin nanoeskalan aldatu daitezkeen- beren oinarrizko estruktura aldatu dezakete eta, hau dela eta, berotegi efektua sortzen duten gasak, gatzak edo biomolekulak neurtzeko filtro bezala erabil daitezke. Gainera, grafenoa, bere poroen arteko tartea atomo gutxi batzuetara txikitzen denean, erdieroalea bihurtzen da. Propietate honi esker, gailu elektronikoen parte diren silizioan
oinarritutako osagaiak aldatzeko ateak ireki daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak