Kiroldegia zabalik egongo da 2019an

Oihana Elortza 2018ko abe. 14a, 12:10

Zubikoa kiroldegiaren proiektuak hartu du datorren urteko aurrekontuaren zatirik handiena: 2,5 milioi euro. LKS ari da proiektua egiten eta asmoa da urtarrilaren erdialderako prest egotea. Gero, lanak egiteko deialdia zabalduko dute, eta maiatzerako obrak esleitu gura dituzte. 2019ko bigarren seihilekoan hasiko dira lanak, baina kiroldegia ez dute itxiko.

Borja Moiua Kirol zinegotziaren esanetan, datorren urtean zabalik egongo dira Zubikoako instalazio guztiak. Lehenengo egingo dituzten lanak kanpoaldekoak izango dira; lur mugimenduak berdintzekoak, esaterako.

Kiroldegi barruko lanak 2020an egingo dituzte. Lanak, baina, zatika egingo dituzte, kiroldegia ahalik eta denbora gutxien egon dadin erabat itxita. Igerilekuak handitzetik hasiko dituzten lanak –egun, bost kale daude, eta bederatzi egongo dira gero igerileku handian; putzu txikia ere handitu egingo dute–, eta, bitarte horretan, kiroldegiak zabalik egongo dira. Asmoa da galdara handi bat jartzea, kantxetako aldageletan ur beroa egon dadin. Kantxa berdean ere egingo dituzte hobekuntzak, eta horiek partidu gutxiago jokatzen diren sasoian egingo dituzte; udan, ziurrenik.

Kostuaren inguruko debatea

Aurrekontuen eztabaidan, kiroldegiaren kostua bost milioitik zortzira igo dela aipatu zuen alderdi jeltzaleak, eta horren berri osoko bilkuraren bezperan jakin zutela. Mikel Biain alkateak azaldu du sarri egiten dituztela bilerak LKS enpresako kideekin, proiektua nola doan ikusteko, eta datu horiek lantzen azaroaren 30ean bukatu zutela. Aurrekontuak abenduaren 5eko osoko bilkuran eztabaidatu eta onartu zituzten eta Biainek esan du tarte horretan ez zela Kirol batzorderik egon eta horregatik ez zutela gaiaren inguruan berba egin osoko bilkuraren aurretik.

Alkatearen esanetan, zortzi milioi euroko –gutxi gorabehera– kostua duen proiektu horretan jasotzen da kiroldegiaren berritze osoa, baita aurretik aurreikusi gabe zeuden hobekuntza batzuk ere. Horrek guztiak kostua igoko duen jakitun da Biain, baina jakinarazi du horrek ez duela esan gura hori horrela egingo denik orain. Lizitaziora aterako dena ez da hori. "Gure asmoa da eraikin nagusia, igerilekuak, aldagelak eta orain arte aipatu izandako gunea berritzea", gaineratu du.

Kiroldegiaren proiektua lantzen bukatuko du laster LKSk, eta obrak egiten hasten direnean gertutik jarraituko ditu Udalak. Aurrekontuak onartu ziren osoko bilkura berean onartu zuten udal zinegotziek obren jarraipena egingo duen batzorde bat osatzea. Helburua izango da kiroldegia ahalik eta denbora gutxien egotea itxita erabiltzaileendako, herritarrendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak