Familia giroan euskararen erabileraz gogoeta egiteko balioko du 'Euskararen kriseilua'-k

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko abe. 3a, 13:46

Oñatiko Udalak, Euskaltzaleen Topaguneak eta Oñatiko hiru ikastetxeetako ordezkariek Euskararen Kriseilua ekimena aurkeztu dute. Lehenengo hezkuntzako lehenengo mailatik hirugarren mailara arteko ikasleei eta horien familiei zuzendutako ekimena da, familia barruan euskararen erabilera sustatzea helburu duena.

Lehen hezkuntzako lehenengo mailatik hirugarren mailara arteko ikasleei eta horien familiei zuzendutako ekimena da Euskararen kriseilua. Familiek Gabonen ondoren jasoko dute ekimenean parte hartzeko gonbidapena, ikastetxearen bitartez. Helburua da familia barruan euskararen erabileraren inguruko kontzientzia piztea, eta horren araberako erronkak jartzea.

Euskara den su txikia piztuta mantentzea

Parte hartuko duten familiek kriseilu bat eramango dute etxera; eta, etxean izango dute 5-7 eguneko epean. "Kriseilua aitzakia izango da euskararen erabileraren inguruko gogoeta egiteko, eta behin gogoeta hori eginda euskararen erabileran urratsak ematen joateko", azaldu du Topaguneko kide Sonia Perez Anguerak.

Kriseilua etxera eramango duen familiak, gainera, galdetegi bat bete beharko du sarean; galdetegi horren arabera familiaren inguruko argazki bat egingo da, eta argazki horren araberako erronkak aukeratu beharko ditu familiak euskara gehiago erabiltzeko.

Ikastetxeen eta familien arteko zubia

Herriko hiru ikastetxeetako ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean. Jon Mikel Larrañagak ikastetxeetako irakasleen izenean berba egin du; Jon Mikel Intxaustik, ikastetxeetako gurasoen izenean; eta, Ane Atorrasagastik 6-8 urte bitarteko ikasleen izenean. Azaldu dute euskararen erabilera sustatzea "eskoletako planen barruan" dagoela; eta ezinbesteko ikusten dutela eskola eta familien artean zubiak eraikitzea eskolan egiten duten "lanak jarraipena izan dezan etxean".

Atorrasagastik azaldu du gaztetxoek sua pizteko ardura izango dutela, baina gurasoen ardura izango dela euskara gehiago erabiltzea.

Txandako eramango dute kriseilua etxera

Familiek txandako jasoko dute kriseilua etxean; txandak amaitutakoan familia guztiekin batera jai bat egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak