Kiroldegiak eta Olaitturrik tokia dute Udal Gobernuaren aurrekontuan

Udal Gobernuko kide Zubia, Biain eta Etxeberria

22.151.000 euroko aurrekontu proposamena egin dio Udal Gobernuak oposizioari. Txostena aztertzen ari da EAJ eta hilaren 29an emango dio gobernuari bere proposamenen berri.

Aurreko urtean onartu ohi ditu datorreneko aurrekontuak Oñatiko Udalak eta aurten ere asmo hori dute udalbatza osatzen duten bi alderdiek. Abenduaren 5eko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte. Data horri begira, Udal Gobernuak aurrekontuaren aurrerapena pasa dio astean oposizioari.

Plazako kioskoa  

22.151.000 euroko aurrekontua da 2019rako Udal Gobernuak proposatu duena. "Aurrekontu orekatua", euren esanetan, "612.000 euroko aurrezki arrunta aurreikusten delarik". Inbertsioei dagokionez, "estrategikoak diren proiektuen azterketa eta lanketa fasea burutu ostean, exekuziorako fasean sartzea" dagokiela adierazi dute eta horretako "oinarri sendoa" dutela esan, "azken urteetan egindako kudeaketak Udala egoera ekonomiko sendo batera ekarri" duela gaineratuz. Esaterako, kiroldegikorako (2.5000.000 euro) eta Olaitturrirako (1.000.000) gordeko dituzte diru partidak. Araozko ostatua (250.000 euro) eta plazako kioskoaren proiektua (20.000 euro) ere zerrendan sartu dituzte.

Datorren urterako jaso dituen beste asmoen artean, Herritarren Arreta Zerbitzua zabaltzeko proiektua du (150.000 euro) "zerbitzu publikoen alde egindako apustuari jarraiki". Mugikortasunari lotuta dio "esfortzu handia" egin duela Udalak azken urte hauetan herriko bidegorri sarea osatzen, emaitza onak eman dituela eta "lan guztia borobiltzeko Oñatiko Gerriko Berdea formalki izendatu eta katalogatzea geratzen zaigu 2019rako". Basogintzaren "herriko errealitatea ahalik eta modu zehatzenean" aztertuko dutela ere aurreratu dute. Berdintasun atalean lanean jarraituko dutela ere gaineratu dute eta esker onak eman partaidetzazko aurrekontuak posible egitea ahalbideratu duten denei. Gastuei buruz, indartu egin dituzte giza larrialdietarako diru laguntzak eta laguntza psikosoziala.

Oposizioa, EAJ, aztertzen ari da Udal Gobernuaren txostena eta euren proposamenekin batera alderatzen. Alde biek adostuta duten egutegiari jarraiki, azaroaren 29an euren txostena pasako dio Udal Gobernuari.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.