Euskal Herriko kulturaren hiriburua izango da Oñati Eusko Ikaskuntzaren mendeurren ospakizunean

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko aza. 16a, 12:02

Azaroaren 23an eta 24an Oñatin batuko dira Euskal Herriko agintari nagusiak Eusko Ikaskuntza sortu zenetik 100 urte igaro direla ospatzeko. Festa ekitaldi nagusia zapatuan egingo da eta 1918ko kongresuan bezala Oñatz dantza taldeak soka dantzarekin emango dio hasiera.

Atzo, eguena, elkartu ziren kontzejupean Iñaki Dorronsoro, Xabier Alkorta, Mikel Biain eta Nerea Zubia ospakizun festari buruzko batzarra egiteko. 

Hilaren 23an, Geroa Elkar-Ekin XVIII. Kongresuaren emaitzak aurkeztuko dituzte. 2015ean ekin zion erakundeak Euskal Herriaren etorkizunari buruzko gogoeta eta diagnostikoa osatzeari. Oñatin plazaratuko dute bi urtetako elkarlanaren ondorioa, Liburu Berde-a izenekoan.

Hurrengo eguna, hilaren 24a, "Elkarrekin festa giroan egoteko eguna" izango da.11:00etan, agintari, Eusko Ikaskuntzako bazkide eta herritarrei ongi etorria egingo zaie Oñatiko Foruen Plazan. Jarraian, 1918an Eusko Ikaskuntzako I. Kongresuan bezala, soka dantzan parte hartuko dute agintariek Oñatz Dantza Taldearekin batera.

Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin / CC BY-NC 4.0

Eguerdian San Migeleko elizan hasiko den ekitaldian emanaldi musikalak izango dira (12:00), Donostiako Orfeoiarena, esaterako. Bertan, Eusko Ikaskuntzaren etorkizuneko lan ildoak bilduko dituen erakunde adierazpena irakurriko da. Goizeko programa amaitzeko, Arizkungo Dantza Taldeak, duela mende bat bezalaxe, dantza tradizionalen erakustaldia egingo du.

Kongresukideak elkarrekin bazkaldu ostean, arratsaldean, Santa Ana Antzokian, Josemari Velez de Mendizabalek idatzitako Hamaika amaren seme (alaba) obra eskainiko dute. Bertan, euskal gizartearen eboluzioa ikus daiteke, Eusko Ikaskuntzaren sorreratik gaur arte.

Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarra

1918an egin zuten Oñatin lehen biltzarra, irailaren 1etik 8ra bitartean, hainbat sailetan banatuta; politika, giza zientziak, hizkuntza, historia, artea, hezkuntza, eusko ikaskuntza eta arraza. Biltzar horretatik irten zen euskal unibertsitatearen eta ostean ikastola izango zenaren oinarrizko teorizazioa. Baita, euskara babesteko eta ikertzeko erakundearen beharra ere, ondoren Euskaltzaindia izango zena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak