Auzoko egitasmoaren ikasturte berria abian da

Maialen Regueiro 2018ko aza. 9a, 15:45

2013an sortu zen egitasmo horrek astelehenean egin zuen ikasturte berriaren aurkezpena. Aurten, ordu eta erdi iraungo duten saio ludikoak egingo dituzte. Hala, astelehenero elkartuko dira, 19:00etatik 20:30era bitartean. 

Astelehenean egin zuten Auzoko egitasmoaren ikasturte berriaren aurkezpena. 2013an sortu zen proiektua eta oraingoa, hain zuzen, bosgarren edizioa izango da. Auzoko, Euskalzaleen Topaguneak eta Oñatiko Udalak elkarlanean martxan jarritako doako proiektu bat da, herrian dauden kultura eta hizkuntza desberdinak aintzat hartzea eta elkar ezagutzea helburu dituena, euskara eta euskal kultura ardatz izanik. Hala, egitasmo honetan, auzotarrek –euskara menperatzen duten pertsonak– eta auzokideek –euskara ez dakiten edo menperatzen ez duten pertsonak– hartu dezakete parte. Guztion artean talde bat osatzen dute eta astean behin saio ludikoak egiteko elkartzen dira.

Astelehenero hitzordua

Edizio honetan, astelehenetan elkartuko dira, Bidebarrietan –19:00etatik 20:30etara bitartean–proiektuko kideak eta ordu eta erdi iraungo duten saioak egingo dituzte. Saio horietan, jolasak, tailerrak, herrian ekintza desberdinak eta afariak egingo dituzte, besteak beste. Hala, lagunarteko giroan ondo pasatzea nahi dute proiektuko dinamizatzaileek.

Kultur aniztasuna

Guztira, 30 kidek osatzen dute taldea, gutxi gorabehera, eta hainbat herrialdetatik eratorritakoak dira. Horietako batzuk euskara ikasten ari dira, beste batzuek nahiko ondo menperatzen dute dagoeneko hizkuntza eta beste batzuek ez dute ez euskaraz ezta gaztelaniaz ulertzen. Hori dela eta, saioen hizkuntza gaztelania izango da, baina Auzoko proiektuaren dinamizatzaile Julen Korkostegik hau adierazi du: "Euskara ez jakiteagatik ez da inor taldetik kanpo geratuko". Bide batez, jakinarazi du saioetan parte hartu nahi duenak ateak irekiak izango dituela astelehenero. 

Integraziorako lagungarria 

Astelehenero egingo dituzten saioak baliagarriak izaten dira taldekideentzat, horrek integraziorako asko laguntzen die. Izan ere, partaideen artean kultura ezberdinetako jendea dago eta beraien artean gai asko elkarbanatzen dira, guztientzat erabilgarriak direnak. Hori da, azken batean, taldekideek eskertzen dutena. Are gehiago, aurreko edizioetan, partaideak oso gustura aritu dira eta batzuek urte batetik bestera errepikatu egiten dute. 

Balorazio positiboa

Aurtengoa dagoeneko bosgarren edizioa da eta Korkostegik balorazio positiboa egin du. Urtetik urtera partaide kopurua areagotu egin da, eta hori pozgarria da. Azken batean, integraziorako eta kultura ezberdinak ezagutzeko eta herriko bizikidetza sustatzeko balio duen proiektua da. 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak