Emakume ikusezinak agerian uzteko bisita

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko aza. 9a, 16:52

Maria Irizar kalea
Herriko irudietan emakumeak ageri diren, nola eta zergatik ageri diren eta apenas inon agertzen diren herriko emakumeen izenak eta historiak gogora ekarriko dituzte, bihar t urismo bulegotik irtenda egingo duten bisita gidatu berezian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hirugarren urtez jarraian antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiak, eta Oñatin hiruretan ospatu dira. Ondarea, emakumeen emaria da aurtengo gaia eta bi ekitaldi antolatu dira: lehenengoa joan den astean Protokoloen Artxibo Historikoan hitzaldi bat izan zen eta bigarrena bihar, zapatua, egingo dute, Turismo Bulegoak antolatuta: Oñatiko emakume ikuseziak zena duen bisita gidatu berezia izango da, 12:00etan.

Palmondoak eta martiriak

Edurne Urteaga Turismo gidariak gidatuko du bisita. Turismo Bulegoan elkartu eta unibertsitatean hasiko dute ibilbidea:
"Handik hasiko gara, han badaudelako emakumeen irudiak. Herrian zehar asko daude, baina denak agertzen dira santa
edo martiri moduan. Baita unibertsitatekoak ere, eta hortxe ikusiko ditugu adibide batzuk". Horietako irudi bat da unibertsitatearen sarreran, ezkerreko paretan, dagoen irudia. "Turkiako emakume batena da, XVI. mendekoa. Liburu batzuetan dator korronte kristaura hurbiltzen ari zelako hil zutela; beste batzuetan, berriz, oso emakume ederra zela eta gizonezkoekin ez elkartzeko aitak dorrean sartu zuela preso. Antza, egun batean, alabari eraso egitekotan zenean, tximista bat sartu dorrera eta aita hil zuen iriztuak. Harrian landutako irudi horretan, dorre bat du esku baten eta palmondoa bestean. Palmondoak adierazten du martiria zela", dio Urteagak.
 
XVI. mendetik hasi eta gaur egunera arteko adibideak ikusiko dituzte zapatuko bisitan. "San Migel parrokian ere badaude, esaterako, emakumeekin lotutako bitxikeria batzuk, eta horiek ere ezagutuko ditugu", zehaztu du.

Herrikoak

Gerra garaiko emakumeak ere izango dira hizpide. Urteagaren esanetan, liburuetan gizonezkoak ageri dira gerrako protagonista paperetan, baina emakumeek atzetik egiten zuten lana eta bizi izandako sufrimendua ez da apenas agertzen. "Gogoratu Guran elkarteak argitaratu zuen Gerrako garrak Oñatin liburua hartuko dugu, esaterako, oinarri, eta hor datozen izenak errepasatuko eta gogoraraziko ditugu. Jose Antonio Azpiazuk lihoari eta lanbide horri buruz idatzitako liburuko pasarteak ere ekarriko ditugu gogora", zehaztu du Urteagak. Azken urteetako emakumeen izen propioen artean, Maria Irizarrena ekarriko dute gogora. Herriarekiko edukitako jokabi deagatik kale bale bat eskaini
zion orduko udalak baina plakan haren izena jarri ordez bere senarrarena jarri zuten, kalea haren alargunari eskainia dela adieraziz: Apaolaza Alarguna. Hori "onartezina" dela irudituta, kaleari izena aldatzea erabaki zuen, aho batez, udalbatzak 2014ko azaroko osoko bilkuran. Ordutik Maria Irizar kalea da.

'Neska soldadua' kantua

Zapatuko bisitan musika doinuak ere entzungo dira. Hiru Truku taldearen Neska soldadua kantua entzungo da, zehazki. Urteagak argitu du zergatik: "Bitoriano Gandiagak jasota zuen, Araotzeko emakume batek kontatuta, garai batean egon zela soldadu joan zen auzoko neska bat. Egia da hori baino gehiago ez dakigula, ez izenik, ez jaiotetxerik, ez historiaren beste azalpenik. Hiru Trukuk kantu batean jaso zuen historiako pasarte hori eta bertakoa izanda, gogora ekarriko dugu".
 
Bisita gidatura joan gura duena, aurrez eman behar du izena Turismo Bulegoan: 943 78 34 53

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak