Eraso sexisten aurkako barne gida egin dute

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko urr. 20a, 12:11
Protokoloa lantzen aritu diren talde eragileetako kideak gaztetxearen sarreran. sarreran (Argazkia: Protokoloa landu duen lantaldea)

Eraso sexista bat gauzatzen duenaren gertutasunak egoerari aurre egiterakoan garrantzia izan dezakeela ikusita, barne protokoloa landu dute herriko zazpi talde eragilek. Hiru hilean behin batzen da lantaldea, berrikusteko eta aztertzeko.

Eraso sexista gertatzen denean zelan jokatu eta nola kudeatu jakiteko protokoloa egin dute herriko hainbat eragilek elkarlanean. "Barne mailako protokoloa da. Hau da, hau lantzen ibili garen taldeetan gertatuz gero nola jokatu jakiteko. Jaietan txosnagunean ere egoten da protokoloa, baina hau ezberdina da. Erasoa egin duena ezezaguna bada, errazagoa da, akaso, hori bideratzea, baina gertukoa bada, aldiz, zailagoa izan daiteke, eta hori da landu gura izan duguna", dio Irati Garaik.

Hausnarketa

Pototak eta Andraitz talde feministak, Gazte Asanblada, Fan Hemendik, ikasle mugimendua, Sortu eta Ernai taldeak batuta egin dute barne protokolo hori eta izaera politikoa eman gura izan diote. Kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko protokoloa da eta egoera txikien aurrean ere aplikatzeko dago egina. "Askotan, muturreko egoerak dira eraso sexista moduan agertzen diren bakarrak, baina badira maila txikiagoan gertatzen direnak ere, eta horiek zuzendu beharrean daude. Bestalde, ez da txosten zigortzaile bat. Erasoa egin duena horretaz konturatu eta hausnartzea da lortu gura duguna", dio Julen Romaratezabalak. Euren espazioa seguru bihurtzea da helburua eta ikusten dute prebentzio moduan ere balio duela protokoloak.

Duela bi urte inguru hasi ziren gai honen inguruan hausnartzen, eta aurten garatu dute protokoloa bera. "Horrelako egoerei modu kolektiboan erantzuteko beharra zegoela ikusten genuen, eta formatzeko beharra genuela", dio Rebeka Maestrok. Diote zaila egin izan zaiela beste eredu edo adibiderik lortzea.

Oinarria

Zazpi talde horietako kide pare bana zeuden lantaldea osatu zuten testua lantzeko. Hor eztabaidatutako puntuak bakoitzak bere taldean landu ditu, eta berriro protokoloko lantaldea partekatu gero. Oso prozesu interesgarria izan dela diote. "Herri mugimenduan ere gertatzen dira eraso sexistak eta tokatzen da hausnartzea eta hori lantzea. Eta horretan ari gara", esan du Garaik.

Orain arte txostenean jasotakoak oinarri izango dira protokoloa osatzeko. Hiru hilean behin batzen da lantaldea berrikusteko eta berriz aztertzeko. Diote ez dakitela herriko beste talde edo kolektiborik horrelako txostenik egin duen edo ez, baina eurak egindakoa eskuragarri dagoela gura duenarendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak