Lope de Agirreri buruzko filma, domekan ikusgai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko urr. 27a, 10:13

Filmean parte hartu dutenen aurrean egingo dute aurrestreinaldia gaur, zapatua, Antixena gaztetxean, eta bihar, domeka, Santa Ana antzokian, 17:00etan eta 18:30ean publiko guztiarentzako eskainiko dute; 16:00etan banatuko dituzte gonbidapenak.

Orain arte, film laburrak egin izan ditu Oñatiko LPM taldeak. Herriko film laburren rallyan parte hartzeko elkartu ziren orain dela zazpi urte, eta dagoeneko hamabost lan aurkeztu dituzte askotariko lehiaketetan –Oñatin, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Durangoko Azokan, Lekeition…–. Laburra egitea zen oraingoan ere asmoa, baina 40 minutura iritsi da Lope filma.

Oñatiren independentzia berreskuratzeko asmoz, 2019ko udal hauteskundeen atarian, Lope Agirre Hego Amerikako esploratzaile eta konkistatzailea jaioterrira itzuliko da, eta Marañoien taldea eratuko du. "Gure herrikide Lope de Agirrek 1561ean El Dorado espedizioan bizitako abenturak gogora ekarriko ditu filmak, eta baita Espainiako Felipe erregeari idatzi zion eskutitza ere. Pasarte historikoak oinarri hartuta, fikziozko pelikula zoro bat egin dugu. Pertsonaia guztiak, Lope izan ezik, asmatutakoak dira", azaldu dute LPM taldekoek.

Taldean, gustura lanean

Anjel Lerak idatzi zuen gidoia eta hark zuzendu eta muntatu du, baina, guztira, 100 lagun izan dira elkarlanean –70 antzezle eta 20 lagunetik gora arlo teknikoan–. "LPM taldearen helburu nagusia lagunartean ondo pasatzea izan da beti, istorio dibertigarriak sortzea, autozentsurarik gabe eta kontatzen dugun istorioari alde teknikoari baino garrantzi handiagoa emanda. Oraingoan, lan luzeago batean murgildu garen arren, LPM taldearen oinarrizko esentzia mantentzen saiatu gara: istorio dibertigarria, pikantea eta zentsura gabekoa egiten", dio zuzendariak, eta zera gaineratu du protagonistaren azalean sartu den Ibai Elortzak: "Istorioan umoreak bere tokia du, eta garrantzitsua da hori. Grabaketetan aparteko giroa izan da, oso ona, eta horrek asko lagundu dit nik egin beharrekoetan. Jende oso jatorra ezagutzeko aukera izan dut, lantalde bikaina dago atzean. Era honetako proiektuak aurrera ateratzea ahalbidetzen duten jendearen ahalegina eskertu gurako nuke; izan ere, kamera aurrean ikusiko ez den lan asko egin duten lagunengatik ez balitz, ezingo zen Lope filma egin".

Hipolito eta 'Xolonpo' gogoan

Urtarrilean idatzi zuen Lerak gidoia, eta segidan hasi zen lantalde artistikoa eta teknikoa osatzen eta behar zen azpiegitura guztia lortzen, eta udan egin zituzten, gero, grabaketak. "Hasieratik erabaki genuen bi asteburutan grabatzea. Gaztetxea izan da gure operazio-zentroa".

Zuzendariak gaineratu du aktoreek antzeztutakoez gainera, herriko hiru marrazkilarik egindako irudiak ere txertatu dituztela filmean: "Aitor Bolinaga Boli, Hibai Garai eta Ian Nose marrazkilariek kolaboratu dute. Garairen marrazkiak berak egindako moduan sartu ditugu, baina beste biek egindakoei, animaziozko mugimendua eman diegu; Eñaut Uribesalgok egin du lan hori".

Irudi arloan eta bestelakoetan ere, herrikoak dira kide gehienak: "Zerrenda luzea da. Soinu banda, adibidez, Ander Zelaiak eta Unai Murgiondok sortu dute, Fiachras talde ezagunarekin elkarlanean. Horiez gainera, soinu taldean Iñaki Zubia, Imanol Astudillo, Tommaso Galati eta Iñigo Palacios izan dira. Kamera arloan, berriz, Kepa Aranburu, Xanti Ugarte eta Mikel Maiztegi –azken hori dronearekin–. Atrezzo eta jantziekin, Ander Ugarte, Ane Pico, Mikel Intxausti eta Mirari Sagarzazu izan ditugu taldean. Pantailaren aurrean ere, aurpegi asko, paper nagusietan, Ibai Elortza, Ainhoa Igartzabal, Xabier Urbina eta Iñigo Madina. Aipatutakoez gainera, dagoeneko gurekin ez dauden Patxi Hipolito eta Xolonpo gura nituzke aipatu, biek ala biek sorrarazi zidaten Lope de Agirre pertsonaiari buruzko interesa, eta, horregatik, eurei eskaini diegu Lope".

Ibai Elortza (Lope): "Zuen zoro famarengatik, mugarik ez"

Eskarmentua du Elortzak film laburretan; oraingoan, Lope de Agirre zenaren azalean sartu da.

Gustura emaitzarekin?

Bai, oso. Hasieran, paper protagonista izateak beldur pittin bat eman zidan; ez naiz damutzen, baina, onartu izanaz.

Loperen azalean zelan sentitu zara?

Oso gustura. Lopek zuen zoro fama horrek edozer gauza egiteko lizentzia ematen du; beraz, ez da limiterik egon ezer egiteko.

Zer eman dizu lan hori egiteak?

Zailtasun handienak gidoiarekin eduki ditut. Ez da ikastea bakarrik; gero, kronologikoki ordena diferentean grabatzen da, zati asko behin da berriz.... Aurretik, antzerki baten izan nintzen Lope; hortaz, ez zen ezezaguna niretzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak