Urriaren 4an onartu zituen udalbatzak 2019ko ordenantza fiskalak eta EAJk egindako proposamenak zeintzuk izan diren azaldu du alderdi jeltzaleak prentsa oharrean. "EAJ-PNVko udal taldeak proposatuta, hobari gehiago ezarri dira, oso garrantzitsuak, tokiko merkataritzaren eta herritarren mesederako.
EAJ-PNVren udal-taldearen zinegotzien ekimenez, obrei ezarritako zergetan murrizketa handia ezartzea onartu du EH Bilduren udal-gobernuak. Era horretan, honako hobari hauek finkatu dira 2019. urterako: %75eko hobaria, obrak eta berritze-lanak egiteko herriko negozio txikietan; % 95eko hobaria, EITak behartuta egin beharreko obretarako (energia-eraginkortasuna, bizi-egokitasuna eta sartze-erraztasuna hobetzeko lanetarako); % 75eko hobaria, fatxada osoa berritzeko herrigune historikoan dauden eraikinetan eta % 50eko hobaria fatxada bat baino ez bada berritzen; % 25eko hobaria, zarata larregi dagoen guneetan leihoak aldatzeko (Zaraten Maparen arabera), legeak ezarritako zarata-maila gainditzen denean".
Zubikoa kiroldegiaren gainean, hauxe dio: "EAJ-PNVren udal-taldeak beti Oñatiren eta oñatiarren alde, gainera, proposatu du 21 urtetik 23 urtera luzatzea kirolgunearen ordainsariei eta bazkide-sariei ezarritako tasak murrizteko adin-muga (igerilekua, pilotalekua tenis-pista…). EH Bilduren udal gobernuak, tamalez, ez du onartu proposamen hori".
Banda marroiak kaltetutako pinudien inguruan jeltzaleek proposatu dute pinudi horiek salbuetsita egotea eta ez ordaintzea landa lurrei ezartzen zaien kontribuzioa. "Zerga-salbuespen hori eskatu dugu kezkatuta gaudelako izurriteak nekazaritza -eta landa- sektorera ekarri dituen ondorioekin. Izurriteak kalte larriak eragin ditu pinudietan, eta Oñatiko baserritarrek gastu gehiago dituzte. Era berean, ondarea balioa galtzen ari da. Hori horrela izanik, EAJ-PNVk eskatu du izurriteak jotako 15 urtetik gorako pinudiek ez ordaintzea landa-lurrei ezarritako kontribuzioa (OHZ). 15 urtetik beherako pinudiek ez dute ordaindu behar kontribuzio hori". Eta jarraitu dute: “Lehen sektoreak kalteak dituenean, beste sektoreetako kalteen aurrean jokatzen den bezala jokatu behar da; beharrezkoak diren neurriak ezarri behar dira, baserritarren kalteen aurrean ere berdin jokatzeko”. Jeltzaleek honako hau ere zehaztu dute: “Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak ere badihardute lanean izurritearen ondorioen aurka, sendabidea aurkitzeko eta pinuak berriz sartzeko. Guk badakigu hori. Hala ere, EAJ-PNVren zinegotzien iritzian, Oñatiko Udalak ere neurriak hartu behar ditu izurritearen ondorioak arintzeko. Oñatiko udalerria oso zabala da, eta izurriteak izugarrizko kaltea egin dezake”.
Proposamen hori ez dela onartua izan argitu dute jeltzaleek. "EH Bilduren udal-gobernuak, ordea, ez du salbuespen hori onartu, iraganeko foru-arauen (1989) arrazoi teknikoetan oinarrituta. Argudiatu dute orain 29 urteko araudi hark ez duela horrelako hobaririk. Horren aurrean, ez dute onartu hobaria ezartzea 2019ko ordenantza fiskaletan, baina ekinean jarraituko dugu Oñatiko baserritarrek jaso ditzaten izurritearen eragina arintzeko laguntzak".