Iruña-Veleiako Argitu ekimeneko hainbat kide Arantzazun izan dira Euskaltzaindiaren Biltzarraren

Maialen Regueiro 2018ko urr. 5a, 10:41

Iruña-Veleia Argitu ekimeneko talde bat Arantzazun izan da Euskaltzaindiaren Biltzarraren irekieran. Kultura eta politikako hainbat pertsona esanguratsuk sinatutako manifestua banatu da eta Euskaltzaindiari jakinarazi zaio bere ardura ere badela auzia argitzen laguntzea.

Hona hemen manifestua:

Arabako Foru Aldundiak, 2008ko udazkenean hartutako erabaki baten bidez, ofizialki faltsutzat jo zituen 2005 eta 2006ko jardunaldietan Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako “ezohiko grafitoak” (400 inguru), eta indusketa-baimena kentzea erabaki zuen Lurmen S.L. enpresari. Handik gutxira, zigor-espedientea irekiz, auzibidean jarri zituen enpresa horretako hainbat kide eta kolaboratzaile.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) irakaslez ia guztiz osaturiko Batzorde Zientifiko Aholkulariaren zenbait txostenetan oinarrituta hartu zuen erabakia Foru erakundeak; piezak faltsuak zirela eta Lurmenen arkeologia jarduna txarra izan zela esaten zuten txostenok. Geroago, 2009 eta 2013 artean, Lurmenen defentsak hogei bat txosten aurkeztu zituen epaitegian guztiz kontrakoa esaten zutenak, hau da, piezak benetakoak izan daitezkeela eta Lurmenen arkeologia jarduna egokia izan zela. Hainbat naziotakoak dira txostenon egileak eta horietako gehienak izen handiko adituak grafitoetan agertzen diren gaietan.

Auzia bederatzi urtez egon da instrukzio fasean, gure herrian irekita dagoen auzi judizial zaharrena izanik, horrek Eliseo Gil Zubillaga eta Oscar Escribano Sanz auzipetuei ekartzen dien guztiarekin. Azkenik, 2018ko maiatzaren hasieran jaso dute auzipetuek akusazio-idatzia: Eliseo Gilentzat Arabako Foru Aldundiak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 285.000 euroko isuna eskatzen du eta aldi berean Estatuko Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela eta ia 300.000 euroko isuna. Oskar Escribanorentzat, bost urte eta erdiko kartzela eta antzeko isuna.

Gure ustez, ezin da denbora gehiago egon auzia argitu gabe; batetik, begi-bistako arrazoi humanitarioengatik, eta bestetik, garrantzi ikaragarrikoa delako grafitoak benetakoak ala
faltsuak diren jakitea. Eta ez bakarrik euskararen historiarentzat, baita beste ezagutza-arlo
askorentzat ere. Badakigu jakin erraza dela egia aurkitzea datazio teknika modernoak erabiliz, ohikoak gaur egungo arkeologian, eta horregatik azpian sinatzen dugunok eskatzen diegu dagokien erakundeei ondorengoa egitea agindu dezatela:

  1. Piezen lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea. Gure ustez, hiru laborategi ezberdinetan egin beharko lirateke analisiak, kasu berezietako protokolo zorrotzak ezarriz.
  2. Parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela Lurmenek grafitoen agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan.

EUSKALTZAINDIARI:

Plataforma honek pentsatzen du Euskaltzaindiak, euskararen erakunde nagusia izaki, lagundu dezakeela Iruña-Veleiako euskarazko grafitoen auzia argitzen, eta horregatik eskatzen dio Manifestua sinatzea erakunde gisa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak