Salda beroa hartuta has daiteke Herri Eguna

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko urr. 3a, 17:42

Herri Egunean berdurak saltzen
Egun osoa kalean pasatzeko modukoa da Herri Eguna eta herriko elkarte gastronomikoetako ateak zabalik egongo dira goizean salda beroa, txorizo egosia edo okela gisatua eskaintzeko, eguna indartsu hasteak asko balio du eta.

Nekazarien Elkarteak antolatzen du Herri Egunaren goizeko azoka, Udalaren diru laguntzarekin. Ekainean hasi ziren urriaren 6an egingo den urteroko ekitaldia prestatzeko bilerak egiten. Eta azken orduan lotu behar direnak lotuta, eguna heltzea bakarrik falta da.
 
Goizeko seietan elkartzen dira soziedade horretako hainbat bazkide gosaldu eta unibertsitate pareko berdegunean egoten diren animalien esparrua prestatzeko. Gazta lehiaketarako beharrezkoak dituzten mahaiak, aulkiak, edalontziak, sagarrak... ere eraman behar dituzte unibertsitate aurrera eta baserritarrak euren fruta eta barazkiekin datozenerako postuak prest dauden ziurtatu behar dute.

Euskal txerri oñatiarra

Ardiak, ahariak, behorrak, astoak, behiak eta euskal arrazako txerriak egongo dira, besteak beste, animalien erakusketa gunean. Aurten, gainera, Oñatin hezitako euskal txerriak ikusiko dira. 10:00etan hasiko dira animaliak heltzen. Aurten ere, Herri Eguneko azokan egingo diren lehiaketetan zein erakusketetan parte hartuko duten nekazariak, abeltzainak eta gazta ekoizleak, denak izango dira oñatiarrak.
 
Unibertsitatearen klaustroaren bueltan 31 artisau egongo dira euren produktuak erakusten eta saltzen; horietatik hamar dira oñatiarrak. Eta institutu aurrean egongo den herriko tabernan ere oñatiarrak egongo dira taloak egiten eta txistorrak eta hirugiharra erretzen; herriko ezker abertzaleak hartuko du aurten
ere txosna horren ardura. Foruen plazara Gipuzkoako 24 sagardotegik eroaten dute sagardoa.

Goizaldera arte

Agertoki horiek eta elementu horiek izango ditu aurtengo Herri Egunak ere goiz partean. Zubikoan eta gaztetxean egingo dituzte herri bazkariak; soziedadeetan eta jatetxeetan ere hartuta daude mahaiak lagun
artean bazkaltzeko. Arratsaldean, herri kirolak egongo dira aurten ere, gaztetxoen artekoak zein profesional mailakoak. Eta gauean, musika kontzertuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak