Oñatiarrek bertso-saio bikoitzaz gozatzeko aukera izango dute aurten ere San Migel jaietan. Lehenengoa Herri Eguna bezperan, urriaren 5ean, ospatu ohi da eta aurten ere bertso jaialdia ez da faltako. Bigarrena, berriz, Herri Egunaren biharamunean izango da, urriaren 7an, alegia. Kasu honetan, balkoitik balkoirako bertso-saioa izango da; Kale Zaharrean izango da hori.
Zubikoako bertso jaialdia
Jaialdi hau ez da, normalean, jaietako egitarauan falta izaten. Izan ere, bertsozaleentzat zein hainbat herritarrentzat ezinbesteko hitzordua izaten da, puntako bertsolariak taularatzen dira eta. Aurten, Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Miren Artetxe eta Unai Iturriaga bertsolariak gonbidatu dituzte. Oñatiko Bertso Eskola izango da gai-jartzailea eta Bertso Eskolako kide Egoitz Atxaga, gai-emailea. Atxagak adierazi duenez, jaialdiaren aurretik bilera batzuk egiten dituzte bertso-saioa prestatzeko eta bertsolariei emango dizkieten gaiak zeintzuk izango diren erabakitzeko, besteak beste. Atxagak aipatu du, gainera, bertsolariek gustura hartzen dutela parte jaialdi honetan. Izan ere, bertso-saioa ikustera gerturatzen direnak bertsozaleak izaten dira eta bertsolariek asko eskertzen dute ikusleek izaten duten jarrera.
Sarrerak salgai
Jaialdirako sarrerak Oñatiko Txokolaixian daude salgai dagoeneko: helduen sarrerak 10 eurotan eta gazteenak, aldiz, 8 eurotan. Gainera, egunean bertan kiroldegian azken sarrerak erosteko aukera egongo da, prezio berean.
Bertsotan, balkoitik balkoira
Urriaren 7an, 20:30ean hasita, Iker Zubeldia eta Agian Laburu bertsolariak Kale Zaharreko balkoi batetik bestera arituko dira beraien artean bertsoak botatzen. Kasu honetan, bertsolariek ez dute gai-jartzailerik izaten eta, hain zuzen, emanaldiak beraien arteko elkarrizketa bat dirudi. Atxagak aitortu duenez, bertsolariek saioa hasi aurretik herriko azken gaien berri jakin nahi izaten dute, bertsoetan gai horiek jorratzeko.
Bertsolaritzaren jatorria
Balkoitik balkoirako bertso-saio honek badu bere xarma eta bertsolaritzaren jatorria mantentzearen helburua. Izan ere, garai bateko bertso-saioak taula gainean egin beharrean, balkoitik balkoira burutzen zituzten. Horrenbestez, hori da urtetik urtera Oñatiko jaietako egitarauan hitzordu hau mantentzearen arrazoia.