Gazteen eta helduen pentsaera eta bizimoduak aztertu dituzte ikerketa banatan

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko ira. 27a, 08:18
Udaleko eta IISJko ordezkariak bekaren irabazleekin batera martitzen iluntzeko aurkezpenean
Oñatiko gazteek gatazkaren historiarekin duten harremana aztertu du Samara Veltek eta 65 urtetik gorako emakume oñatiarrek gizarteari egiten dioten ekarpena, berriz, Leopoldo Cruzek. Udalak emandako Grant beka aprobetxatu dute ikerketak egiteko.
Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundearen eskutik, eta Oñatiko Udala Grant izeneko bekari esker, Oñati ardatz hartutako bi ikerketa-lan aurkeztu dituzte astean. Gatazka armatua eta 65 urtetik gorako emakumeen ekarpena izan dira gaiak. Lehenengorako, Oñatiko sei gazteren iritziak, pentsaerak, jaso ditu
Samara Velte zarauztarrak, eta batutako informazio hori aztertu du. Bigarren ikerketa egiteko, erretiroa hartzeko adina baino urte gehiago dituzten hainbat oñatiarren iritziak jaso ditu Lepoldo Cruz mexikarrak.

Soziologiainstitutuan

Lege Soziologia Institutuko areto batean egin zituzten ikerketen aurkezpenak martitzen iluntzean. Hango liburutegian noiz edo noiz topo egin zutelako ezagutzen zuten elkar Veltek eta Cruzek, eta bata bestearen lana ezagutu zuten martitzenean. Baita hainbat herritarrek ere. Saioa irekia zen eta soziologia juridikoko ikasle batzuk ez ezik, Cruzek egindako ikerketan parte hartu duten 65 urtetik gorako emakume asko ere joan ziren aurkezpenera. "Denek esan zidaten euren bizimodua ez zela apartekoa eta ez zutela ezer kontatzeko, baina ez da horrela. Gazte hasi ziren lanean, gurasoak, bikotea, seme-alabak eta ilobak zaindu edo zaintzen dituzte eta yogarako, mendirako eta antzerkirako tartea ere ateratzen dute. Ikaragarria da", adierazi zuen Cruzek. Eta gaineratu: "Egiten eta ematen duten dena, gainera, gogoz egiten dute. Egin dituzten eskaerak bi bakarrik izan dira: bata, bakardadearen aurkako borrokan laguntzea; eta bestea, gazteei zuzendutakoa; gehiago konprometitzeko eskaera".
 
Veltek 16 eta 18 urte bitarteko sei oñatiarrekin egin du berba gatazka armatuaz. "Ahozko diskurtsoak aztertu ditut eta horien analisia egin errealitate sozial baten barruan. Gatazkan zein elementu identifikatzen dituzten galdetu diet, euren informazio iturriak zeintzuk diren jakin eta gatazkaren aurrean nola posizionatzen diren galdetu. Ateratako ondorio bat da, adibidez, liburu baten irakurritakoari sinesgarritasun handiagoa ematen diotela etxetik jasotako kontaerari baino". Euskal Herriko beste hainbat gazterekin ere egongo da Velte ikerketa osatzeko.

Beka

Oñatiko Udalak 4.000 euro ematen ditu ikerketa bat egiteko. Baldintza da Oñatiri ekarpena egin beharko diola lan horrek. Aurten ere bi ikerlariren artean banatu dute diru hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak