Udan eman dituzuen kontzertuen ostean, zer balorazio egiten duzu?
Ez ditugu hainbeste kontzertu eskaini, baina talde moduan oso ondo eta gustura ibili gara. Abuztuan eman ditugun hiruzpalau kontzertuetan asko disfrutatzea zen helburu nagusia eta lortu egin dugula esango nuke. Bihar Oñatin emango dugun kontzertua iraileko bakarra izango da.
Nola erantzun dio jendeak Aske maitte, aske bizi lanari?
Jendearen erantzuna oso ona izan da eta hori eskertzekoa da. Izan ere, lan berri bat kaleratzen denean ez dakizu jendeak nola erantzungo duen, baina, gure kasuan, harrera oso ona izan dugu eta horrek bizia eman digu, bai kontzertuetan eta baita jende berri batera iristeko orduan ere.
Azaroan Londresen eskainiko duzue kontzertua; ze sentsazio?
Guretzat, talde moduan, Euskal Herrian edo Londresen kontzertu bat emateak inportantzia bera dauka. Egia da horrelako kontzertu bat daukagunean kanpora bidaiatu behar izaten dugula eta horrek taldearen ideia eta batasuna indartzeko balio izaten duela.
Telebista saio batean coach lanetan ikusi zaitugu. Nolakoa izan da esperientzia?
Jendeak benetan naizen modukoa ikusteko aukera izan du eta baliteke batzuek nirekiko zuten iritzia aldatu izana. Batzuek esan didate zorrotza naizela, besteak beste. Horrez gain, jende gaztearen ahotsaz eta ilusioaz txundituta geratu naiz, eta, azken batean, gu horiei laguntzen aritu gara. Etorkizunean musika talde edo ordezkari bat eskuratzeko ilusioa izatea oso garrantzitsua da eta horrelako saio batek asko laguntzen duela esango nuke.
Zer balorazio egiten duzu Bergaran eskainitako kontzertuaz?
Bergaran ematen genuen lehen kontzertua zen eta balorazio positiboa egin genuen bere garaian. Nik, behintzat, oso ondo pasatu nuen. Plaza jendez bete zen eta jendea gustura egon zela esango nuke, kantak abesten eta dantzatzen.
Bergaran zuen kontzertuaren aurrekontuarekin sortu zen polemikaz zer iritzi duzu?
Herrian esaten zen diru kopurua ez zen benetakoa. Plazan pankarta bat zegoen eta aldarrikapena ere egin zuten. Guk, horren aurrean, ez genuen inolako irizirik adierazi eta errespetuz jokatu genuen. Azken batean, guk talde moduan ezin dugu ezer esan, gauza batzuk ez ditugulako guk erabakitzen. Lotsagarria izango litzateke horren beste diru ordaindu eta plaza ez betetzea, baina ez zen horrelakorik gertatu. Ulertu dezakegu herritarrentzat gai polemikoa dela, baina hori Udalarekin konpondu beharreko gai bat da. Guk talde gisa eskaintza bat jaso eta onartu egin genuen.
Nola uste duzu hartuko zaituztetela Oñatin?
Oñatiko plaza handia da eta betetzea espero dugu. Hala ere, gure asmoa giro ona sortzea, herria gustura geratzea eta herriko tabernariak pozik egotea da, batez ere. Oñatin kontzertu bat ematea gozamena da eta herri moduan bere xarma badauka. Gainera, bihar larunbata izateak ere asko laguntzen duela uste dut.
Biharko kontzerturako ezer aurreratzerik baduzu?
Gure errepertorioaren errepasoa egingo dugu. Gainera, hurrengo egunean Ameriketako Estatu Batuetara goaz grabazio lanak egitera eta kontzertu berezia izango dela uste dut, proiektu baten amaiera eta beste baten hasiera adierazten duelako. Izan ere, biharkoa gure birako azken kontzertua izango da eta egia da horrelako kontzertuak beti izaten direla bereziak.
Ameriketako Estatu Batuetara zortzigarren lana prestatzera zoazte.
Domeka goizean irtengo gara eta grabazio lan batzuk egingo ditugu; hau da, zortzigarren lana prestatzen ari gara.
Lan berriari buruz ezer esaterik baduzu?
Orain arteko estiloan jarraitzeko asmoa daukagu, baina, behin estudioan sartuta, gauza asko gerta daitezke. Hala ere, beti egongo dira gure estiloaren aldekoak eta hain aldeko ez direnak ere. Guk, hasiera batean, gure lana egingo dugu, sentsazioak ikusi, eta gero gerokoak.