"Euskaltzaindia sortzeko prozesuan gertatutakoa kontatzen du antzerkiak, pasarte desberdinetan oinarrituta. Azkueren eta beste hizkuntzalari batzuen ahotan jartzen ditugu pasarte horiek", azaldu du Mari Karmen Biainek, antzezleetako batek.
Testuak eta abestiak tartekatzen dira antzezlanean. "Testuak protagonisten esanak dira. Kantuei dagokienez, Azkuek berak bildutakoak dira, eta Euskal Herriko lurralde bakoitzari abesti bat eskaintzen diogu; zazpi abesti joko ditugu", adierazi du. Antzezlanaren erdi inguruan, Oñatiko historiari dagokion amodiozko istorio bat txertatu dute, "unibertsitateko ikasle baten eta herriko neska gazte baten artekoa".
Antzerki honekin gura dutena da "Oñatiko herriari azaltzea Azkue zein izan zen, eta Euskaltzaindiaren sorreran eman ziren gorabeherak zeintzuk izan ziren, kontuan hartuta duela 100 urte Oñatin egin zela Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresua".
Sarrerak salgai
Bi aldiz emango dute antzezlana. Aurrestreinaldia irailaren 27an izango da, Santa Ana antzokian, 19:00retan –dohainik–. Irailaren 29an izango da estreinaldia, 17:00etan San Migel parrokian. Bigarren horretarako sarrerak Txokolateixian daude salgai, sei eurotan. Egunean bertan hamar euro balioko dute.