'Orain presoak' ekimenarekin bat egin dute Oñatiko udalbatza osatzen duten bi alderdiek

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko ira. 20a, 11:19

Oñatiko udalbatza osatzen duten bi talde politikoek, EH Bilduk eta EAJk, bat egiten dute  Orain presoak ekimenak egiten duen adierazpenarekin, eta irailaren 29an, 19:00etan, herriko plazan burutuko den ekitaldian parte hartzeko deiarekin bat egiten dute. Albiste barruan dago alderdi biek onartutako erakunde adierazpena.

Hauxe da Orain presoak ekimenarekin bat eginez alderdi biek adostutako erakunde adierazpena:

"ORAIN PRESOAK EKIMENA

Orain Presoak dinamikaren baitan antolatu eta batu garenok, ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu eta aspaldidanik espero dugun aldaketa gauzatu dadin gure hondar alea jarri nahi dugu. Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena.

Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dugu milaka kilometrotara urrunduak diren eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen aferari irtenbidea ematea. Kontziente gara, herri honetan bizi garenon artean, minak eta oinazeak askotarikoak direla. Ez ditugu horiek ahantzi ez eta atzean utzi nahi. Aurrez esan bezala, gure nahia elkarbizitzan eta bakean den jendarte baterantz urratsak ematea da, horretarako zauriak sendatu eta korapiloak askatzea beharrezkoa delarik. Baina, argi dugu ere, oraindik orain, indarrean den espetxe politika aldatu ezean, giza eskubideak urratuak izateaz gain, presoen senideak, bereziki haurrak eta adinduak direnak, sufrimendua pairatzen jarraitzen dutela, astebururo astebururo milaka kilometro egitera behartuak izanik edota larriki gaixo diren euren senideak hain urrun izanda, alerta egoeran bizitzera behartuak egonez. Horren erakusle garbia bezain gordina, Oñatiko presoek zein erbesteratuek eta haien senideek egunero jasaten dutena.  

Zentzu honetan, azken hilabeteetan hainbat ahots entzun ahal izan ditugu espetxe politika honen aldaketa beharraz mintzo izan direnak.  Baita espainiar gobernutik zabaldutakoak ere. Baina, esan beharra dugu ere, oraindik ez dugula argi zein den proposatzen duten bide-orria. Eta horrek kezka ere sortu du. Benetako aldaketa batez ari bagara, hitzak ez ezik, ekintzak ere beharrezko baitira, eta helburu garbiak; sufrimenduarekin amaitzea, giza eskubideak errespetatuak direla ziurtatzea, legea betearaztea eta bakerako zein elkarbizitzarako baldintzak sortzea. Hori da, gure aburuz, jendarte honek merezi duena eta gure ondorengoei utzi beharreko ondarea. Ez baitugu sinesten, inork, herritarrok azken urte luzeetan bizi izan duguna gure atzetik datozenei opa dienik.

Horregatik, dinamika honen baitan gabiltzanok, aipatzen dugun aldaketa horren oinarriak ezartzeko unea dela konbentzituak gaude. Horretarako aukerak zabaldu zaizkigulakoan gaude eta guztiok desio dugun sufrimendurik gabeko egoera berri bat eraikitzeko, gutako bakoitzaren bultzada behar beharrezkoa dela uste dugu. ETAren disoluzioak, iparraldean gizarte zibilaren inpultsuz Estatu frantsesak emaniko urratsak eta Madrilen ezarritako gobernu berriak auziaren baitan itxuraz duen jarrera aldaketak ate berriak zabaldu ditu bai, baina jakin badakigu, haize bolada batez berriro ere ixteko arriskua badela, batez ere, Espainian hauteskundeak ate joka diren honetan. Hala ba, herritar oro gonbidatu nahi dugu gurekin batera bakearen eta elkarbizitzaren norantzan ekitera eta espainiar gobernuari urratsak determinazioz emateko, hitzetatik ekintzetara igarotzeko, eskatzera. Finean, zabaldutako ateek eskaintzen duten aldaketara aukera, oinarri atzeraezin bilakatzera.

Irailaren 29ko zita, Oñatin, horretarako da hain zuzen ere, elkarrekin eragiteko. Urratsak eman daitezen bultzatzeko. Aldaketa egi bilakatzeko. Gaur, zuetako bakoitzarengana zuzentzen gara, Oñatiar bakoitzarengana, Orain dugu urteetan luzatu den sufrimenduarekin amaitzeko aukera. Zauriak ixten hastekoa. Korapiloak askatzekoa. Bakean eta elkarbizitzan den jendarte bat eraikitzeko aukera. Irailaren 29an zatoz zu ere Oñatiko plazan, arratsaldeko 19:00tan egingo den ekitaldira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak