Kidegoa saretuz "EH Bilduko komunitatea osatzen joateko eta Oñatiren etorkizunerako herri proiektua marrazten joateko helburuarekin" jarri zuen martxan koalizioak 'Harittu' prozesua pasa den ikasturtean. Ordutik hona Oñatiko herritarrek izan duten parte-hartzea handia dela adierazi du EH Bilduk. "Hamarnaka eragile eta norbanakorekin hitz egiteko eta iritziak trukatzeko aukera izan dugu denbora honetan, eta horri esker gure herriaren argazki nahiko osatua lortu dugulakoan gaude".
Fase honi amaiera emateko, tailer ireki batzuk antolatu dituzte zapaturako, 10:00etan, gaztelekuan. Bi helburu nagusi dituzte tailer horiek: "gure diagnostikoa herritarrekin partekatzea eta oraindik parte hartu ezin izan dutenek beren ekarpena egitea. Diagnostikoa borobildu eta amaitzeko baliatuko dugu saio hau, eta oñatiar guztiak daude gonbidatuta bertan parte hartzera".
Hauek izango dira ekarpenak egiteko landuko dituzten arloak: politika sozialak, lurralde antolaketa, sozioekonomia, berdintasuna, kultura, hezkuntza, euskara, gazteria eta kirola.
Bilera honekin amaiera emango diote diagnosi faseari eta ekintza plana zehazteko etapa abiatuko. "Bertan, egin berri dugun herriaren erradiografiatik abiatuz, Oñati eta oñatiarren beharrei erantzungo dien herri proiektu bat marrazteari ekingo diogu".