'Bidali' mezularitza zerbitzu berria aurkeztu du Bidebarrik

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko ira. 18a, 09:58

Oñatin, mezularitza urgentea eskainiko duen lehen ordezkaritza izango da Bidebarrik aurkeztu berri duen Bidali mezularitza zerbitzua. TIPSA enpresarekin batera jarri du martxan eta dagoeneko zazpi pertsonatako egitura osatu dute. Lan merkatu arruntean txertatzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzea du helburu zerbitzu berriak ere.

Bidebarri 1996an sortu zen lan merkatu arruntean txertatzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratu ahal izateko. Horretarako, hainbat ekimen dauzka; vending zerbitzua edota garbiketa zerbitzua dira nagusiak.

Orain, baina, zerbitzu berri bat aurkeztu dute; Bidali izeneko mezularitza zerbitzua jarri dute martxan, TIPSA enpresarekin batera. Oñatin, mezularitza urgentea eskainiko duen lehen ordezkaritza izango da hori, eta oinarrizko egitura bat eratu dute, zazpi pertsonatakoa. Hauxe adierazi du Bidebarriko zuzendari Jon Igartuak: “Laneratze lanpostuak daude bertan eta horrekin nahi duguna da gizarteratze prozesuak indartzea gauzatu ahal izateko euren helburu finala, dela lan merkatu arruntean txertatzea. Hemen Lanbidetik, gizarte zerbitzuetatik edota Caritasetik bideratutako jendea jasoko genuke, eta lanpostu bat emateaz gain, formazio batekin batera nahi da euren enplegugarritasuna hobetzea, lan merkatu arruntean txertatu ahal izateko”.

Aktibitate berria martxan jartzeak, biltegien alorrera bideratutako prestakuntzarekin batera, bai mezularitzan, biltegien edota banaketen alorrean profesionalak prestatzeko aukera ematen du, eta interesgarria iruditzen zaie hori Bidebarrikoei.

Dagoeneko gainera, hasiak dira zerbitzua eskaintzen.; lau furgoneta ari dira banaketak egiten Debagoienean, Urola Garaian eta Goierrin.

Eta gustura daude orain arteko lanarekin. Hauxe esan du Igartuak: “Guk paketeak entregatzen ditugu; askotan partikularrak dira banaketa gehien jasotzen dituztenak. Guk jasotzen ditugun paketeak denetarikoak dira, izan daitezke partikularrenak edo enpresenak ere bai, euren saretan salmentetarako beharrezkoak diren banaketak egiteko”.


Gaineratu du ikusi dutela mezularitzan badagoela mugimendua eta lana badutela alor horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak