Irailaren 9a egun berezia izan ohi da Arantzazun, Arantzazuko Amaren eguna. Gaurkoa baina, bereziagoa izan da, 100 urte bete dira-eta Arantzazuko Ama Gipuzkoako zaindari izendatu zutela.
Goizean goizetik hartu dute erromesek Arantzazurako bidea, horietako askok, oinez. Ordezkari politikoak, bestalde, eguerdiko meza nagusiaren aurretik heldu dira. Oñatiko alkate eta udalbatzako ia zinegotzi guztiak izan dira Arantzazun, baita Aldundiko eta Jaurlaritzako hainbat ordezkari ere: Markel Olano diputatu nagusia; Aintzane Oiarbide, Ainhoa Aizpuru, Maite Peña eta Jabier Larrañaga foru diputatuak; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapia; eta Pello Urizar legebiltzarkidea.
Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariak heldu direnean, harrera egin die Oñatiko alkateak, eta santutegira gerturatzean hasi dira han bildutako euskal presoen senideen eta beste hainbat herritarren aldarriak, presoen etxeratzea eskatzen.
Ehungarren urteurrenari keinuak
Meza nagusian hainbat keinu egin zaizkio Arantzazuko Ama Gipuzkoako zaindari izendatu izanaren ehungarren urteurrenari. Meza esan duen Jose Inazio Munilla Donostiako gotzainak gogora ekarri du bere homilian izendapena lortzeko jarraitu zen bidea, orduko goardiano Elias Martinez de Zuazoren eta beste hainbaten lana azpimarratuz. Azaldu du baita ere zaindari izateak babesle izatea esan gura duela eta baita autoritate morala ere. "Eskerrak bihotzez, Arantzazuko Ama, zure zaindaritzagatik eta ama-babesagatik. Zure eskuetan jartzen ditugu gure familiak eta gure gazteak, baita laster Erroman izango den Sinodoa eta gure Elizbarrutiak hasten duen urte pastorala ere", esanaz amaitu du homilia gotzainak.
Homiliaren ostean, Markel Olanok eta frantziskotarrek lore sorta bat eskaini diote Arantzazuko Amari eta hitz batzuk ere esan dituzte. Olanok esan du Arantzazu balio garrantzitsu askoren erreferente dela gipuzkoarrentzat eta Gipuzkoako herrien izenean, eskerrak eman dizkie Arantzazuko santutegiari eta bertako frantziskotarrei. Azken hauei zuzenduta, esan du Arantzazun bertan eta lurralde osoan eskaini dutena eta eskaintzen dutena denontzat onuragarria dela. "Aipamen berezia merezi dute bakearen eta elkarbizitzaren alde etengabe egindako lan isilak, askotan une zail eta gogorretan gainera. Eta nola ez, gure hizkuntzak biziraun dezan eta etengabe garai berrietara egokitu dadin jokatutako paper erabakiorrak", adierazi du diputatu nagusiak.
Frantziskotarren probintzial Juan Mari Martinez de Ilarduiak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie besteak beste elizbarrutiko kideei, herritarrei, erakundeei, eliza eraiki zuten artistei eta arkitektoei. "Arantzazu den bezalakoa bada, denon artean egin dugulako da", esan du eta lanean jarraitzeko asmoa adierazi.
Toki askotako erromesak
Erlijiotasunak eta ospakizunak bat egin dute beste behin gaur Arantzazun, eta urtero moduan, tradizioari hutsik egin barik Oñatiko eta beste herrietako jende asko batu da bertan. Asteasuko Miren Artola izan da horietako bat: "Bizi naizen bitartean etorriko naiz. Niretzat Arantzazuko Ama dena da". Zentzu berean hitz egin du Goretti Madina oñatiarrak ere: "Aspaldian urtero etortzen naiz. Oñatiar moduan bihotzean daramagun zerbait da".