Abuztuaren 17a, Lizargarateko Eguneko txartelak erosteko azkeneko eguna

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko abu. 15a, 08:00
Argazkia: Lizargarate trikitizale elkartea.

Abuztuaren 26an, domeka, ospatuko dute Lizargarateko Eguna. Azken urteetako ohiturari eustea da Lizargarate trikitizale elkartearen asmoa. Txartelak Arrano tabernan bakarrik jarri dituzte salgai. 22 eurotan salduko dituzte: txartel horrekin hamaiketakoa, bazkaria eta afari merienda izango dute.

Txartelak erosteko azkeneko eguna abuztuaren 17a izango da.

Laja eta Lutxurdioren erromeria

Eguna hamaiketakoarekin hasiko dute eta ondoren herri kirol erakustaldia izango dute. Azkeneko urteetan egin duten moduan bolo txapelketa egingo dute bazkal aurretik. 14:00etan bazkaria egingo dute: mariskoz beteriko piperrak, penka beteak, bakailaoa bizkaitar erara, oilasko izterra eta goxua.

Bazkal ondoren irrintzi txapelketa izango dute: iaz Eñaut Uribesalgok irabazitako titulua ea aurten nork eskuratzen duen izango dute lehian. Musika jarriko dute Laja eta Lutxurdio trikitilariek –Azpeitikoa eta Elosukoa, hurrenez hurren–.

Sustraiak, Asaldittan

Migel Angel Kortabarria Sarramendi-k azaldu du Lizargarateko erromeriak sustraia Asalditta Egunean duela: "Lizargarate inguruan dago Asalditta, Bergara aldera. Beti ezagutu izan dugun erromeria da, baita gure gurasoek ere. Egundoko erromeria izaten zen", gogoratu du, eta gaineratu du: "Antzuolarrek antolatzen zuten, eta inguruko jende asko joaten zen: Bergarakoak, San Prudentziokoak, Zubillagakoak, Oñatikoak... baita Legazpikoak ere". Janari postuak egoten zirela dio: "Erroskillak, madariak... saltzen zituzten. Bolatokia ere bazegoen. Jendea goizetik joaten zen, eta han bazkaltzen zuten".

Antzuolarrek erromeria antolatzeari utzi zioten, eta ondoren hasi ziren Lizargarate gastronomia elkartekoak "antzerako zerbait" egiten Lizargaraten. "Esan behar da uda garaian Lizargarate beti izan dela erromeria lekua, asteroko ohiko erromeria". Gastronomia elkartekoek, baina, Asaldittaren ordezko jai bat egiten saiatu ziren. Urte batzuetan jendea ibili zela dio Sarramendi-k baina urteekin "txingarra" besterik ez zela geratu dio.

Lizargarate trikitizale elkarteak orain dela bederatzi urte hartu zuen erromeria antolatzeko ardura, Lizargarate elkartearekin batera.

Gaur egun jende gehiena autoz igotzen da Lizargaratera, baina oraindik ere badira goizean goiz oinez joaten direnak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak