Udalak ematen dituen diru laguntza publikoak zeinendako eta zertarako erabiltzen diren, batetik, baina horien eragina herrian nolakoa den, zenbaterainokoa den eta noraino heltzen den ere neurtu dute Oñatin.
Zirrara izena du erabili duten metodologiak. Gipuzkoako Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren laguntzarekin gidatu dute Elhuyar eta Sinnple aholkularitzek eta Oñati eta Usurbil izan dira esperientzia
pilotu honetan parte hartu duten Gipuzkoako herri bakarrak.
Tresna
Herri bakoitzak diru laguntzen bi lerro aukeratu ditu; Oñatin, kulturan eta auzotasun programaren bidez eman direnak; Usurbilen, kulturan eta kirolean. "Kultura araututa dagoen saila dela ematen du, baina auzotasuna abstraktuagoa da, auzo alkateak aldatu egiten dira... Horregatik aukeratu genituen atal bi horiek", dio Nerea Zubia zinegotziak.
Erabat itxitako diru laguntzen gainean egin behar zuten lan aholkulariek, eta, hala, 2016an emandako diru laguntzen datuak erabili dituzte eragina aztertzeko. Kulturan, esaterako, 62.218 euro banatu ziren eta diru horren laguntzarekin 87 ekitaldi antolatu ziren: 70 ikuskizun, bederatzi ikastaro, bederatzi ekitaldi elkarlanean eta sormena sustatzeko bekari esker zortzi lan berri garatu ziren. Horiek antolatzen 200 lagun inguruk jardun zuten auzolanean; batez beste, hamabost pertsona ekitaldi bakoitzean. Antzeman dute azken urteetan ikusi gabeko hamar diziplina berri ikusarazi zirela herrian eta bitan diziplina desberdinak nahasi zituztela. "Datu horiek dira, esaterako, kuantitatiboak. Baina kualitatiboak eta soziologikoak ere jaso ditugu. Tresna honekin ikusi dugu, adibidez, diru laguntzak ematerakoan asko desbideratzen garen edo ez. Esaterako, kultura lerroko laguntzetako helburuetako bat da elkarteek elkarrekin antolatzea proiektuak, baina balorazioa ez zegoen asko ponderatua, eta horretarako balio izan digu. Bestalde, sormen
lanetarako diru laguntzetan ikusi dugu emakumerik ez dela aurkeztu eta horrek esan gura du zerbait egin beharra dagoela horri buelta emateko", adierazi du Zubiak.
Auzotasuna programaren bidez emandako diru laguntzekin 59 ekitaldi antolatu zituzten auzoetan -ikastaroak, hitzaldiak, jaiak, ondarea berreskuratzeko edo txukuntzeko lanak...- eta bostetik baten herriko beste elkarte bateko kideek ere parte hartu dute. Ia auzo gehienetan, %93an, lanerako talde irekiak dituzte. Diru laguntza hauen helburua auzoetako bizitza mantentzea da, bakoitzak duen nortasuna lortzea eta auzo dinamikoagoak izatea. Neurketak eman duen beste datu bat da 2016an 41 biztanle berri izan zituztela Oñatiko auzoek: 29 herrigunetik edo beste herri batzuetatik etorritakoak eta hamabi jaiotza.
Ikasgaia
"Askotan, inertziaz ematen dira diru laguntzak, baina kontzientzia izan behar dugu herriko ehun soziala zen baterainokoa den. Zenbat herritarrek hartzen duten parte herriari bizitasuna ematen dioten gauzak antolatzen. Kultura elkarteei ere banatu diet txostena, eurek ere eragin hori ikusteko", dio Zubiak. Gaineratu du txosten hau oso lagungarria izan zaiela eta beste arlo batzuetan ematen diren laguntzak neuretzeko ere balio duela. Ondorio hauekin, diru laguntzak hobetzeko proposamenak jasoko ditu Oñatiko Udalak. Herrigintzaren eta Oñati herri bizia dela erakusten duten datuak ere badira txostenak jasotakoak.
Elhuyar-eko Jon Abril aholkulariarendako esperientzia polita izan da: "Berria zen egiteko genuen hori baina oso polita izan da. Kulturako diru laguntzen inpaktua jaso dugun grafikoan, esaterako, ondo ikusten da eragina noraino heltzen den".