Garay lantegiko tximinia altuaren zati bat bota, eraitsi, egingo dute. Egoera txarrean dago goiko aldea, eta horixe da botako dutena, arazoak saihesteko.
Adostua
Hijos de Juan de Garay enpresaren asmoa tximinia bere osotasunean botatzea zen. Hondatuta dago eta haize boladak izan direnean adreiluak ere jausi dira, inoiz, lurreraino. Joan den udazkenean, asmo horren berri eman zioten Udalari, baina gaia mahai gainean utzi zuten, "beste irtenbide bat egon zitekeen edo ez aztertzeko", alkatearen esanetan. "Aukeretako bat zen, adibidez, tximinia osoa berritzea, eraberritzea, baina kostu handia zuen horrek. Azkenean, kaltetuen dagoen zatia bakarrik botatzea adostu dugu", zehaztu du Mikel Biainek.
XIX. mendekoa da tximinia hori eta Udalak, ahal dela, mantendu egin gura zuen, herriaren industria jardunaren lekuko den aldetik. "Egia da ez dagoela katalogatuta edo Gipuzkoako Aldundiak duen ondasun industrialen inbentarioan sartuta, baina, herriko industriaren historiaren lekuko den aldetik, babesteko ahalegina egin gura genuen", dio Biainek.
Bota
Zati bat mantentzeko ideiarekin, lanean jarri ziren Udala eta enpresa elkarlanean, eta, azkenean, adostu dute zati bat bakarrik botatzea; hain justu, egoera okerrenean dagoen zatia. Eta zati hori goialdekoa da, puntakoa. Hala, Itziar Zelaia arkitektoak egindako proiektuaren arabera, tximiniaren azken zortzi metroak
eraitsiko dituzte; egonkortasun arazoa duen zatia, alegia. Hori da proiektuak jasotzen duena. Dena dela, zatia botatzen hasten direnean egoera zein den aztertuko dute eta posible da adostutako metro horiek baino gehiago ere botatzea; betiere, segurtasun aldetik beharra ikusiz gero.
Hijos de Juan de Garay enpresako ordezkariek ere berretsi dute asmoa dela egoera txarrean dagoen goiko alde hori botatzea. Aurreratu dute lanak egiteko hartu behar diren neurriak hartu eta egin beharreko prestaketak egin eta gero hasiko dituztela lanak.
Adreiluzko tximiniak 150 urte inguru ditu, 38 metroko altuera du eta 2,40 metroko diametroa oinarrian eta 1,40 metro ingurukoa gailurrean. Goiko zatia bota ostean, 30 bat metro izango ditu tximiniak, eta geratzen den zatia bere horretan mantenduko da; ez dute asmorik beheko zatia eraberritzeko.