Antton Ugarte: "Beldurrak bota zuen euskara arlo publikotik"

Jone Olabarria 2018ko uzt. 13a, 12:20

Antton Ugarte filosofian doktorea. Argazkia: Kepa Aranburu
EHUko doktorego sari berezia lortu du Antton Ugarte oñatiarrak frankismo garaiko Euskaltzaindiari buruzko tesiarekin. Ikerlanaren helburua, erakundeak diktaduran nola biziraun zuen eta zein arazo izan zituen azaltzea da.

Lau urte eta lan ordu askoko ikerketa sakonaren emaitza da Euskararen historia soziopolitikorako: Espainiako Gerra Zibilak zauritutako Euskaltzaindia (1936-1954) tesia. Akademiak berak urrian liburu formatuan argitaratuko du oñatiarraren lana.
 
Zergatik egin duzu tesia Euskaltzaindiaren inguruan?
 
Federico Krutwig (1921-1998) euskaltzainaren figura ikertzen hasi nintzen eta, poliki-poliki, Euskaltzaindiaren garaiko historiara jo nuen. Gainera, Euskaltzaindian lan egindakoa naiz.
 
Nola definituko zenuke tesi hau hitz gutxitan?
 
Euskal kulturako pertsonen ikuspegitik diktadura frankistaren lehen arora hurbiltzeko saioa dela esango nuke.
 
Iturriak non aurkitu dituzu? Artxiboetan? Elkarrizketa bidez...
 
Batez ere, artxiboak eta hemerotekak. Garaia bizi izan zutenekin elkarrizketa gutxi batzuk
egin ditut, giroa hobeto ulertzeko balio izan didatenak.
 
Nola biziraun zuen Euskaltzaindiak frankismo garaian?
 
Bada, alde batetik, erakunde gisa Euzkadiko Jaurlaritzaren alde egin ez zuelako. Eta, beste alde batetik, Bizkaiko frankista monarkikoek Euskaltzaindia erabiltzeko aukera ikusi zutelako.
 
Nolako zauriak eragin zituen Espainiako gerrak erakundean?
 
Gerra zibila bukatu zenean, hamabi euskaltzainetatik hiru besterik ez zen geratzen barnealdean, erakundea berriz martxan jartzeaz arduratu zirenak. Horrek errezelo politikoak eragin zituen, noski.
 
Zeure lanean, zera diozu orduko Euskaltzaindiari buruz: “Muga estuen barruan, gutxieneko jarduera prekario baina duinari eutsi zion giza instituzio inperfektua zen”. Nola egiten zuen lan erakundeak garai hartan?
 
Batzarrak egiten zituzten, baina ez zuten baliabide ekonomikorik, ezta agerkari ofiziala argitaratu
eta horren berri emateko aukerarik. Denboran aurrera egin ahala, eta oztopo asko gaindituz, egoera horretatik atera ahal izan ziren.
 
Nola lortu zuen Euskaltzaindiak 1941ean berriz ere batzarrak egiteko baimena eskuratzea?
 
Politikoki baldintzatutako erakundea izatea onartu zuelako Resurreccion Maria Azkue (1864- 1951) euskaltzainburuak.
 
Frankismoak bere politika linguistikoa zuritzeko erabili zuen tresna izan zen onarpen hau?
 
Hasiera batean, bai, baina gero, Euskaltzaindia bere autonomia akademikoa berreskuratzen joan zen.
 
1950eko hamarkadatik aurrera zelanbaiteko onarpena lortu zuen erakundeak ala jazarpenak jarraitu zuen?
Euskaltzaindia frankismoak toleratutako baina izaera juridikorik gabeko erakundea izan zen, 1976ko errege dekretuz erakunde ofizial bilakatu zen arte.
 
Euskarak, baina, debekatua izaten jarraitu zuen urte askoan frankismoan...
 
Espainiako agintaritzaren aldizkarian argitaratutako debeku orokorrik ez zen egon. Zentsuraren eta beldurraren bidez, euskarak abertzaletasunarekin zuen loturagatik, bizitza publikoaren eremu garrantzitsuenetatik kanporatuta egon zen.
 
Zergatik jarri duzu arreta 1936 eta 1954 urteen artean?
 
Gerra zibilaren hasiera eta Gerra Hotzaren egonkortzea markatzen dutelako, erakundearen
historian ere mugarri izan zirenak.
 
Aurten 100 urte betetzen dituen erakundearen historia eta ibilbidea ikusita, zein egoeratan dagoela esango zenuke eta zer etorkizun ikusten duzu?
 
Akademiek, oraindik ere, XIX. mendeko eredu bati jarraitzen diote eta, gu guztiok bezala, XXI. mendeko aldaketa izugarriak nola egokitu asmatu nahian dabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak