Artziniegaraino ailegatu dira Kerexetaren lanak

Eneko Azurmendi 2018ko uzt. 13a, 11:35

Esteban Kerexeta, Aitor semearekin, Artziniegako erakusketa prestatzen. Argazkia. Aitor Kerexeta.

Esteban Kerexeta eskultore oñatiarraren 35 pieza daude erakusgai Artziniegako Museo Etnografikoan, hiru ataletan banatuta –hilarriak, argizaiolak eta mitologia–; zapatuan zabaldu zuten erakusketa eta irailaren 30era arte egongo da ikusgai, doan.

Zapatuan, San Fermin egunean, ireki zuen erakusketa Esteban Kerexeta eskultoreak Artziniegako Museo Etnografikoan (Araba). "Oso eskertuta" azaldu da oñatiarra erakusketa hori zabaltzeko aukera eman diotelako. "Nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Xabier Santxotenari eta Teresa Lafraguari, hasieratik halako gertutasuna transmititzeagatik", adierazi du.

Erakusketari dagokionez, eskultorearen 35 pieza daude ikusgai, hiru ataletan banatuta: hilarriak, argizaiolak eta mitologia. "Gure aurrekoek oso balio handiko materiala utzi digute, eta mitologia aberatsa dugu. Hori aprobetxatu egin behar da", azaldu du Kerexetak.

Hasiera batean, abuztu bukaerara arte egon behar zuen zabalik, baina hilabete luzatuko dute, azkenean. "Mitologiaren inguruko erakusketa bat egin behar dute irailean, eta ikusi zuten nire erakusketak nolabaiteko lotura izan zezakeela, edo ekarpena egin ziezaiokeela erakusketa horri. Beraz, mantendu egingo dute, eta ni gustura". Beraz, irailaren 30era arte egongo da ikusgai Kerexetaren obra.

Ondoren, gainera, Oñatira ekarriko dute, Turismo Bulegora: "Agian, ez ditugu pieza guztiak jarriko, eta, pieza batzuk ez errepikatzearren, beste batzuk jartzeko aukera ere hor dago".

Harreman ona

Duela bost urte ezagutu zuten elkar. "Xabier Santxotena oso eskultore famatua da, Oteizarekin oso harreman ona edukitakoa. Honek museo-tailer moduko bat dauka, eta, museoan bere obra ikusi ostean, tailerra erakusten dizu berak. Nik bere obraren jarraipena eginda neukan aurrez, eta egia da ez dela gauza bera argazkietan ikusi edo bertatik bertara ikusi. Hala ere, niri berarekin egotea interesatzen zitzaidan gehiago: tailerrean zer daukan eta nola lan egiten duen ikustea, nik daukadanarekin konparatzeko. Eta halaxe ezagutu genuen elkar. Lehenengo momentutik primerakoa izan zen bai Xabierrek eta bai Teresak eskainitako tratua, oso gertukoa".

Burdina lantzen

Kerexetak zaletasunagatik egiten ditu eskulturak, eta patxada handiz hartzen du, ez dio axola zenbat denbora pasatzen duen gai konkretu batekin. Orain, mugimendua lantzen ari da, burdinarekin. "Gaur egungo gizartean mugimendu asko dago: errefuxiatuak, emakumeak eta abar. Burdina erabiltzen dut gogorra delako, haiek bizitzen ari direna bezalaxe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak