Herritarren proposamenak lehenesteko saioetan, ekarpenak eztabaidatu eta lehentasunaren arabera ordenatu eta hierarkizatu zituzten, eta hiru irizpide jarraitzea erabaki: herritarren egunerokoa errazten dutenak, hala nola irisgarritasuna, segurtasuna, oinezko ibilbideak, bizi kalitatea; elkarbizitza eta hiritartasuna bultzatzen dituztenak, proiektu eta proposamen hezitzaileak; eta azkenik, jasangarritasuna sustatzen duten neurriak izatea.
Adibideak
Adostutako irizpide horiek jarraituaz, herritarren proposamenetatik 66k egin dute aurrera eta horien bideragarritasun teknikoa aztertuko dute orain Udaleko teknikariek. Fase honek irail amaierara arte iraungo du, eta, egindako balorazio guztiekin, Udalaren webgunean txosten bat argitaratuko dute. Azkenik, urrian bozkatzeko epea zabalduko dute eta Oñatin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek bozkatu ahal izango dute.
Leheneste saioak gaika egin dituzte, eta, hala, aisialdiari lotutako proposamenen artean, adibidez, hauek egin dute aurrera: Ugarkalde eta San Martin auzoetako jolasguneetan estalkia jartzea, kontzertuak, zubi saltoa, eta halako ekintzak antolatzea eta Olakua auzoko saskibaloi parkea kirol horretarako egokitzea. Berdintasunari lotuta, berriz, Oñatiko Emakume Txokoa martxan jartzea. Hezkuntza mailan, ikastetxeek proiektu bateratuak egitea eta herritarren konpetentzia digitala garatzeko saioak antolatzea. Aniztasuna
lantzeko programak eta adinekoendako pisu tutelatuak aztertzea ere aurrera doazen ekarpenen artean daude. Mugikortasunari lotutako proposamenen artean daude, esaterako: bizikletendako estalitako aparkaleku bat egitea, hilerriaren ondoan eta Torreauzo inguruan komunak jartzea, zebra-bideetako
argiteria hobetzea eta Martzelino Zelaia kalea oinezkoendako egokitzea. Herriko gune ezberdinetako lurzorua eta espaloiak konpontzea ere bai. Hirugarren saiotik aurrera joango diren proposamenetako batzuk dira: zakarrontzi gehiago jartzea kalean, sentsibilizazio kanpaina jarri jendeak zikinik lurrera ez
botatzeko, auzoetarako komunikazio bideak zaintzea, Errekaldeko errekan arnasgune bat
prestatzea eta igerilekua handitzea.
Aukeratzen diren proiektuak lotesleak izango dira eta 2019ko eta 2020ko aurrekontuetan jasoko dituzte.