Liburuaren sorrera elkarlan proiektu baten ondorio da, Bordeleko Montesquieu unibertsitatea eta bertako Institut des sciences criminelles et de la justice alde batetik, eta bestetik Euskal Herriko Unibertsitatea (ehuGune) eta Oñatiko Zuzenbidearen Soziologiaren Nazioarteko Institutua (IISJ) bestaldetik, izan dira elkarlanean jardun diren erakundeak. EHUko irakasle Joxerramon Bengoetxeak koordinatu du proiektua, Amane Gogorza (Toulouseko Unibertsitatea) eta Alexandre Zabalzaren (Bordeleko Unibertsitatea) laguntzarekin.
Koordinatzaileen hitzetan, "euskal identitateak eta tradiziozko zein gaurko diren gizarte eta zuzenbide motak edo formak diziplina eta metodologia desberdinetatik" arakatzen ditu liburuak. Aztertzen diren gaien artean: etxea, baserria, Biltzarrak, auzoa, elkarlana, ahaidetasuna, migrazioa, mugaz bestaldekotasuna, hizkuntzaren normalizatzea... Horiek ikuspuntu ezberdinetatik aztertu dituzte; zuzenbidetik, literaturaren soziologiatik, mitologiaren antropologiatik, etnologiatik eta historiatik.
Euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko entseguek osatzen dute bilduma, eta bakoitza idatzi zen hizkuntzan argitaratu da, koordinatzaileek "zinez" sinisten baitute hizkuntzen eta identitateen bizikidetzan: "Hori da liburu honen mezu garrantzitsuetako bat: Euskal Herrian hizkuntza desberdinak egiten direla, eta euskaldunok hizkuntza desberdinetan mintzo garela".