Aitor Mimenza eta Gurutze Frades nagusitu dira Torreauzon, "guztiendako" izan den lasterketan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko uzt. 1a, 14:37
Aitor Mimenza eta Gurutze Frades. Argazkiak: Imanol Soriano.

Mimenza eta Frades faborito tituluarekin etorri dira Torreauzora, eta aurreikuspenei hutsik egin gabe, samur irabazi dute lasterketa. Emozioa ez da izan lehenengo posturako lehian; bai, ordea, lasterketan zehar. Montes Solidarios taldeak parte hartu du lasterketan; eta, Joelette aulkia erabili dute aniztasun funtzionala duen Urdin Mendiola gaztearen parte hartzea ahalbideratzeko.

7,5 kilometroko lasterketa egiteko 24:17 minutu behar izan ditu Aitor Mimenzak Torreauzon. Hasieratik jarri da lasterketaren buruan, eta tarte horri ondo eutsi dio azkenera arte. Gurutze Fradesek ere ez du izan aurkaririk: ibilbide guztian joan da aurretik eta helmugara bakarrik iritsi da 28:09ko denborarekin.

Gizonezkoen podiuma

Gizonezkoen mailan, Erik Martin gazteak lasterketa izugarria egin du. Atzetik aurrera etorrita helmugan bigarren sartu da –25:26ko denbora–. Hirugarren Ritxar Fernandez sartu da, 25:35eko denbora eginda. Gizonezkoetan oñatiar onenaren saria Mikel Ruizek eroan du: 26:25.

Emakumezkoen podiuma

Erraz irabazi du Fradesek Torreauzon – ibilbidea ezaguna zen korrikalariarendako, izan ere 2012an podiumeko gorenera igo zen Frades–. Bigarren eta hirugarren postuak lortzeko, lehia gogorra izan dute. Azkeneko metroetan esprinta eginda bigarren sartu da helmugan Garazi San Pedro –33:13– eta hirugarrena izan da Edurne Elkoroiribe –33:18– oñatiarra. Oñatiar onenaren saria Maite Antonek eroan du: 35:56.

Abixaranen helburuak

Abixaran emakumezko taldeak antolatzen du lasterketa –aurten hirugarrenez–. Helburu nagusia emakumezkoen parte-hartzea sustatzea izan da. Horretarako hainbat ekimen egin dituzte eta emaitza polita izan da: "Parte hartzaileen ia %30a emakumezkoak izan dira", azaldu du lasterketa amaieran Ainara Diaz de Gereñu antolatzaileak.

Horrez gain, baina, aurtengoan beste helburu bat ere izan du lasterketak: Hutsuneak betetzera leloarekin egin dute lasterketa. Arabako Montes Solidarios taldekoak etorri dira Torreauzora, eta Joelette aulkiari esker, Urdin Mendiolak lasterketan esku hartzea ahalbideratu dute. Boluntario talde batek eta Urdinen guraso Lukene Igartuak eta Joxe Mendiolak eraman dute gaztea. Ikusleen txalo zaparrada jaso dute, eta "momentu hunkigarriak" izan direla azaldu du Igartuak. Gaineratu du: "Oso gustura joan da Urdin lasterketan zehar, lasterketa bukatu denean eta kaskoa kendu diogunean bakarrik protestatu du", dio Igartuak.

Sari berezia

Abixaranek beti omentzen du lasterkari edo talderen bat. Aurtengo sari berezia Lukene Igartuari eman diote. Asko izan dira sari hori emateko arrazoiak: Abixaraneko kide hasieratik; Torreauzoko lasterketa askotan parte hartu izan du, eta lehenengo edizioan lehenengo emakume oñatiarra izan zen; Zegama-Aizkorri maratoian parte hartutakoa; mendizalea eta eskatzailea... Beti ibili izan da kirolaren bueltan Igartua eta hori aitortu diote gaur Torreauzon, familia, lagun eta herrikideen aurrean.

 

Erlazionatuak

Torreauzoko krosa

Julen Iriondo 2018 uzt 01 Oñati

Torreauzoko lasterketako irudiak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018 uzt 01 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak