Ostalaritzako establezimenduen jarduna arautuko duen ordenantzaren kontsulta publikoa egitea onartu zuen atzo Oñatiko udalbatzak ekaineko osoko bilkuran. Ordenantza hori udaleko webgunean jarriko dute ikusgai eta herritarrek 15 eguneko epea izango dute euren ekarpenak, proposamenak edo zuzenketak egiteko. Erabaki honekin ados agertu ziren bi alderdiak, EH Bildu eta EAJ, baina prozesua egin den moduarekin ados ez daudela adierazi zuten jeltzaleek.
Oñatiko EAJko udal bozeramaile Lourdes Idoiagak esan zuen moduan, "berandu dator eta ordenantza hori ez da garatu sistema parte-hartzaile eredugarri baten bitartez, hau da, tabernari, bizilagun eta alderdi bietako ordezkari politikoen artean". EH Bilduko bozeramaileak, Mikel Biainek, erantzun zion bizilagun batzuek badutela ordenantza horren berri eta denboran gehiago ezin dela luzatu.
Ostalaritzako negozioen jarduna arautuko duen ordenantza honen eguneraketa aspalditik datorren gai bat da. Duela hamar urte moldatu zen azkenengoz. Azken urteetan zarata arazoak berriz jarri dira agerian eta zigorrak ere jaso dituzte hainbat tabernarik. Mikel Biain alkatearen esanetan, 2017ko irailerako gertu zuten eurek ordenantza berria "baina teknikariek mahai gainean uzteko proposamena egin zuten, Eusko Jaurlaritzaren joko eta ikuskizunen arautegi berria lantzen ari zirelako Gasteizen". Oraindik lau bat hilabete pasako omen dira hori onartu aurretik eta egoerak gehiago iraun ezin duela iritzita erabaki dute ekaineko osoko bilkurara ekartzea kontsulta publikoaren erabakia.
Ordenantza hau behin behinekoa izango litzatekeela gaineratu du Biainek, hain zuzen ere Jaurlaritzak joko eta ikuskizunen arautegia onartzen duenean hara moldatu beharko delako. EAJri iruditzen zaio orain proposatzen denak atzera pausua ekarriko duela hain zuzen ere zarata neurtzeko gailuen puntuan; ez dute uste herritarren salaketen zain egon behar direnik. EH Bilduk dio hori ez dela horrela.
Bi adierazpen instituzional
Ekaineko osoko bilkurako beste puntuen artean, Merkatari aplikazioa herriko komertzioetan ezartzeko Udalaren eta Goienaren arteko hitzarmena onartu zuen udalbatzak. Baita bi adierazpen instituzional bateratu ere: Ekainak 28 egunari lotutakoa bata, udalak giza eskubideekin duen konpromisoa berrestuz, eta ‘La Manada’ auziaren ingurukoa bigarrena, justizia eskatuz eta udalak berdintasunaren alde lanean jarraituko duela azpimarratuz.