Mendea beteko du Oñatiko San Miguel kooperatibak

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko eka. 25a, 13:29
San Migel kooperatibako egungo langileak (Argazkia: Iker Oñate)
Azaroan beteko ditu 100 urte San Migel kooperatibak. Sei lagunek sortu zuten, herritarrei beharrezko produktuak modu eskuragarrian eskaintzeko. Erosleak bazkide izateko bidea jarri zuten martxan orduan; 2.000tik gora ditu egun.
Erdigunean, Kale Barrian, dago San Migel kooperatiba. Hortxe eta Kale Zaharrean –Alzaa kalea orduan–  zan ditu egoitzak. Behekoa zabaldu zuten lehenengo, eta handik gora pasa zuten gero. Beheko denda hartan kirol arropak ere egon ziren sasoi batean, baina supermerkatua izan da, ezer baino gehiago, San Migel kooperatiba. Bai lehen, baita orain ere. Azaroaren 20an beteko dira 100 urte zabaldu zutela.

Bazkideak

Oñatiko langile katolikoen San Migel kooperatiba ongilea. Horixe zen San Migel kooperatibaren hasierako izena. Sei gizonezkok sortu zuten: Balbino Luzarrek, Jose Victor Balzategik, Leandro Ortiz de Zaratek, Jose Ignacio Biainek, Angel Arrazolak eta Bernabe Mugarzak. Duela mende bateko aktak jasotzen duen moduan, "gizarteak eros ditzakeen kontsumorako produktuak herritarrek prezio eskuragarrian eskaintzeko" helburuarekin sortu zen. Horrez gain, kooperatibaren helburua bazkideen arteko harremana eta erlijio sentimendua mantentzea ere bazela jasotzen dute aktek, baita bizitzaren kalitate maila hobetzea ere "aurreztearen bitartez".
 
(Argazkia: San Migel kooperatiba)
 
Iñaxio Aranburu oñatiarrak gogora ekarri du nolakoa izan zen kooperatibaren sorrera. "Gure aitari entzun izan nion garai hartan oso toki gutxi zeudela beharrezko produktuak saltzen zituztenak eta prezioak oso altuak izaten zirela. Hortaz, produktu horiek herritarren eskura jartzeko sortu zutela kooperatiba". Aranburu bizitza osoan izan da bertako bazkide. Zuzendaritzako kide izatea ere egokitu zitzaion eta lau urtez egon zen kargu horretan. "Beti izan da gertukoa eta produktu onak izan ditu. Inoiz ez dugu kexarik izan. Egun, baina, ezin da ondoan aparkatu eta tarteka joaten gara, baina ez lehen beste", adierazi du Aranburuk.
 
(1965eko apirilaren 24an, dendaren inaugurazioa. Orduko langileak. Argazkia: Jesus Mari Arzuaga funtsa. Oñatiko udal artxiboa)
 
Erosleak bazkide izateko sistemarekin jarri zuten martxan negozioa kooperatibaren fundatzaileek. Eta egun ere horrela da, nahiz eta bazkide ez direnek ere aukera duten enkarguak han egiteko. "Bazkideek kuota bat ordaintzen dute eta gero deskontua izaten dute egiten dituzten erosketetan. Beti izan da horrela, eta egun ere bai. 2.000 bazkide baino gehiago ditu kooperatibak, herrikoak denak, baina zaila da kalkulatzea
erabiltzaileak zenbat diren. Izan ere, bazkide asko gutxitan etortzen dira eta bazkide ez diren beste asko, berriz, sarritan", dio egungo arduradunak, Olatz Ariztik.

Okela eta arrain

Lekaleak, kontserbak, xaboiak, lixiba, olioa, esnea... eta produktu freskoak ere saldu izan dituzte kooperatiban; adibidez, okela eta arraina. Hala ere, janariez, edariez eta garbitasun produktuez gain, beste gauza batzuk ere izan ditu salgai. "Lehen, esaterako, sukaldeko tresneria ere saltzen zuten, eta, sasoi batean, mertzeriako produktuak ere bai; umeendako, batez ere", dio urte askoan lanean ibilitako Maixabel Biainek.
 
Amaia Moiuak oraindik gogoan du amak enkarguak egitera kooperatibara bidaltzen zuen garaia. “Kartilla batekin joaten nintzen eta han idatzi egiten zuten zerbait hango langileek. Kale Barriko lehenengo dendara joaten ginen. Iluna zen, txikia, eta zaku mordo bat egoten ziren sarreran, lekalez betetakoak”. Hango be zero da oraindik Moiua eta zuzendaritza batzordean egotea ere egokitu zitzaion. Ezkondu eta gero sartu zen batzordean. “Okelaren gaiarekin liskarra izan genuen. Kooperatibak ganadutegi bat zuen Nafarroan,Lizarra ondoan, eta handik ekartzen genuen okela, merkeago. Baina sasoi hartan Oñatiko bertako okela saltzen ez genuela leporatu ziguten. Herrian ez zegoen eskaera beste okelarik eta batzordean erabaki genuen astean herriko buru bat hiltzea”, du gogoan Moiuak.
Beheko dendako bezero izan ziren herritarrek ere gogoan dituzte urte haiek. “Kale Zaharreko denda ezagutu genuen guk. Zer gura zenuen esan eta paperezko poltsetan sartuta eramaten genuen etxera; kilo bat, erdi edo dena delakoa. Okela ere beti egon da han, bai. Arrandegia, baina, berriagoa da. Kale Zaharreko lokalean, esaterako, ez zuten arrainik saltzen”, dute gogoan Eugenio Lazkanoiturburu eta Maria Anjeles Zabaleta senar-emazteek. “Lehen, garai batean, denda mordo bat zegoen Kale Zaharrean: janaria, oinetakoak, bizikletak, barruko arropa... saltzen zituzten dendak zeuden. Egun, baina, plazatik gora joan behar dugu ia edozer gauza erosteko. Pena da”, dio Lazkanoiturburuk. Eta gaineratu du Zabaletak: “Duela gutxitik hona etxera ekartzen dizkigute erosketak kooperatibatik, baina ni sarri joaten naizoraindik erosketa-karroa har tuta. Egunean eguneko erosketak egitea dut gogoko nik”.
Bittori Anduagak ere gogoan du Kale Zaharreko denda: “Umetan, ahizpa eta biok joaten ginen enkarguak egitera hara, kartilla hartuta. Etxean errekaduak utzi eta jolasera joaten ginen berriro korrika. Zenbat jolas egiten genuen guk San Anton plazatxoan dagoen iturri ondoan”.
 
(1965eko apirilaren 24an, Felix Arrazola apaiza lokala bedeinkatzen. Argazkiaç: Jesus Mari Arzuaga funtsa. Oñatiko udal artxiboa)

Topalekua

Maixabel Biainek dioen moduan, hiru aldiz egin dituzte obrak Kale Barriko dendan. Arrandegia, esaterako, 1977an egin zituzten obren ostean jarri zuten. Bixente Elgero zen orduan zuzendaritza batzordeko presidentea. “Bost urte egin nituen batzordean eta ondoko lokala hartu eta denda berrantolatu egin genuen. Lanerako tresna berriak sartu genituen, eta arrandegia jarri. Egun jogurtak dauden tokian zegoen lehen arrandegia.  Begoña Galdos izan zen kooperatibako lehen arrain saltzailea; 24 urtez aritu zen. “Hamahiru lagun ginen orduan lanean kooperatiban eta Anjel Agirre Karretero zen arduraduna; onegia zen. Arrandegian lanik ez nuenean baldak betetzen edo beste edozein lan egiten laguntzen nien lankideei. Errespetua egon zen beti langileon artean. Lan asko egiten genuen. Sasoi hartan ez zegoen inguruan fruta dendarik, eta fruta saltzen lan handia egin genuen, adibidez. Baina kooperatiba enkarguak egiteko tokia ez ezik, beste herritar batzuekin topo egin eta berriketan egiteko tokia ere bazen”, dio Galdosek.

Ospakizunak

Azaroaren 20an beteko du mendea San Migel kooperatibak eta hala edo nola ospatuko dutela aurreratu du Olatz Ariztik. "Uda ostean, irailean hasiko gara pentsatzen zer egin edo nola ospatu urteurren borobil hau",dio Ariztik.
 
 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak