Aitor Arregi zine zuzendari oñatiarra izan da atzo banatu zituzten Bai Euskarari Sarien irabazleetako bat. Bederatzigarren urtez banatu dituzte sari hauek, eta Arregik, Handia filmaren beste zuzendari Jon Garañorekin batera, Bai Euskarari Lagunak saria jaso du, antolatzaileen esanetan, euskal kultura eta zinemaren industria etengabe hazteko lan egiteagatik.
"Alfonbra gorrian, euskal kultura eta zinemaren ordezkari dira Jon Garaño eta Aitor Arregi. Pelikula bateko bi zuzendari baino askoz gehiago bilakatu dira. XIX. Mendean bizi izan zen Altzoko Handiak mundua zeharkatzea lortu dute, eta kondaira Netflix-eko pelikulen artean kokatzera iritsi dira", azpimarratu dute Bai Euskararik Elkartetik.
Fideslan eta Talleres Mitxelena
Beste bi enpresak ere jaso zuten saria atzo egindako ekitaldian: lehenengo Bai Euskarari saria Fideslan aholkularitza enpresarentzat izan da, eta bigarrena, Hernaniko Talleres Mitxelena industria arloko kooperatibarentzat.
Ekaineko solstizioa dela eta sorginkeria eta magia nagusi izan ziren ekitaldian erakundeetako ordezkaritza zabala egon zen; besteak beste: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal; Arabako Foru Aldundiko, Udalbiltzako eta Batzar Nagusietako ordezkaritza; euskalgintzako komunitatea; eta sektore ezberdinetako enpresak eta elkarteak.
Bai Euskarari Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek goraipatu egin zituen Euskal Herri osoko ia 1.400 enpresa, saltoki, eta era guztietako entitateak euskararen inguruan egiten arin diren lana, konpromisoa, eredua eta eragina, eta hori balioan jartzearen garrantzia ere azpimarratu zuen: "Aitortza esplizituki egitea garrantzitsua da. Era berean, alor sozioekonomikoan jauzia egiteko unea dela ere esan zuen atzo, euskarak enpresa munduan leku handiagoa irabaz dezan.