Xabi Murgiondo: "Txapeldun naizela asimilatzen ari naiz oraindik"

Eneko Azurmendi 2018ko eka. 21a, 13:15
Xabi Murgiondo, Oñatiko plazan.

23 urtez azpiko Euskadiko Txapelketa irabazi berri du Ampo taldeko txirrindulari oñatiarrak eta hasieran sinestea kostatu zitzaion arren, "oso pozik" dago lortutakoarekin. Asteburuan Espainiako Txapelketa lehiatuko du, Castellon. Bihar, egubakoitza, erlojupekoa, eta etzi, zapatua, errepidekoa.

Zer sentitzen du batek Euskadiko txapeldun izanda?

Momentuan, poza eta emozioa. Denboraldi hasiera gogorra eduki dut, eta horrelako garaipen bat lortzea oso hunkigarria izan da niretzat eta nire familiarentzat. Hasieran, sinestea kosta egin zitzaidan, baina, egunak aurrera joan ahala, lortu dudana asimilatzen ari naiz. Egia esan, oso pozik nago.

Nola joan zen lasterketa?

Hasieran, hamabost txirrindulari inguruko ihesaldia egon zen, eta nire taldeko hiruk lortu zuten ihesaldi horretan sartzea. Atzetik etorrita, hiru indartsuenak gelditu ginen eta harrapatu egin genituen ihesaldiko guztiak, Unai Cuadrado taldekidea izan ezik. Azkenengo igoeran, aurrera egin eta Cuadradorekin bat egin nuen. Biok batera iritsi ginen helmugara.

Eta irabazten utzi zizun. Zergatik?

Urte osoan zehar itzulietako sailkapen nagusia lehiatzen ibili da, eta ni berari laguntzen egon naiz lasterketa guztietan. Beraz, laguntza hori eskertzeko modu bat izan da niri irabazten utzi izana, eta benetan eskertzen diot, detaile polita izan da. Iaz berak irabazi zuen Euskadiko txapelketa eta aurten nire txanda zela esan zidan, txantxetan.

Lau egun lehenago Gipuzkoako erlojupeko txapelketa eduki zenuen, eta bigarren postua eskuratu.

Castelloko itzulitik oso nekatuta iritsi nintzen. Hala ere, lasterketa txukuna egin nuen eta bigarren sailkatu nintzen, nahiz eta irabaztetik urrun ikusi nuen neure burua.

Iazko garaipena ezin izan zenuen errepikatu, beraz?

Ez, eta, alde horretatik, amorru apur bat ere eman zidan. Nire helburua zen erlojupeko txapeldun izatea bigarren urtez jarraian. Hala ere, taldekide batek irabazi zuen, Mikel Azparrenek, eta asko pozten naiz beragatik.

Gero, ordea, sari potoloago bat eskuratu duzu.

Hala da. Euskadiko txapelketa irabazita, Gipuzkoako erlojupekoa itzalean bezala geratu da, eta, egia esan, nahiago dut modu honetara, alderantziz baino. Denboraldi hasieran, sinatuko nuen Gipuzkoako erlojupeko txapeldunorde eta Euskadiko txapeldun izatea.

Aipatu duzu denboraldi hasiera gogorra izan duzula.

Bai. Denboraldia ondo hasi nuen. Espainiako Kopan parte hartzen ari nintzen. Hamar lasterketa inguru izaten dira eta martxo hasiera zen, Kopako laugarren lasterketa, Murtzian. 20 bat txirrindulari gindoazen, eta jaitsiera batean erori egin nintzen. Eskuan puntuak eman behar izan zizkidaten. Horrez gain, belaunean kolpe txar bat hartu nuen, eta asko hazi zitzaidan. Ez zekiten zerbait apurtuta nuen edo ez, eta hamar egun geldi-geldi egon behar izan nuen. Hezur barruan odolbildu bat nuen eta horrek min egiten zidan. Zorionez, ondo errekuperatu naiz.

Hain gaizki pasa ostean, maila honetako garaipen bat lortzeak indarra emango zizun, ezta?

Bai; momentu gogorrak izan dira. Neguan ordu asko pasa nituen entrenatzen, denboraldia ondo hasteko. Ilusio handiarekin nengoen, eta hasi bezain laster halako lesio bat izateak min handia eman zidan, fisikoki zein psikologikoki. Baina benetan berezia izan da arantza hori Euskadiko txapelketa irabazita kentzea.

Orain, Espainiako Txapelketa, Castellon. Ze helbururekin zoaz?

Iaz erlojupekoan lehenengo hamarretan sartzea lortu nuen, eta ea aurten ere lortzen dudan. Errepidekoa, aldiz, loteria handia izaten da. Selekzioka lehiatzen gara, baina taldekideak ere badaude, eta borroka polita sortzen da hor, selekzioen eta taldeen artekoa. Interes asko nahasten dira, eta lasterketa eroa izaten da. Hala ere, saiatuko naiz aurre alde horretan ibiltzen.

Bigarren urtea duzu afizionatu mailan. Egokituta zaude dagoeneko?

Iaz nabaritzen nuen distantziak luzeak zirela eta bukaerara justu iristen nintzela, baina dagoeneko egokitu naiz, bai. Ondo sentitzen naiz, distantziarekin ez dut arazorik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak