Elkar Heziko DBH2-ko ikasleek hirugarren ebaluazioan zehar esku artean izan duten proiektuaren emaitza da Oñati, denboraren oinatza izenburupean antolatu duten kale erakusketa. Oñatiko antzinako argazkiz eta azalpenez osaturiko panel informatiboak jarri dituzte herriko gune ezberdinetan: Bidaurretako biribilgune inguruan, Olakuan, Etxaluzeko iturrian, Kale Barrian (Antixenako aterpe ondoko barandetan), Atzeko Kalen, Santa Marinan, Plazan (Pago Usoko barandetan), Maiatzaren 1a plazatxoan, Kale Zaharrean eta San Juan Kalen hain zuzen ere.
Proiektuaren abiapuntua antzinako argazki bilduma izan zen. Taldeka hauek aztertuz, Oñatiko bederatzi gune esanguratsuenak aukeratu zituzten. Ondoren, horietan eraikin edota elementu interesgarriak identifikatu eta eurei buruzko galderak prestatu zituzten. Jarraian, hauen inguruko dokumentazio lana burutu zuten. Erabili izan dituzten bigarren mailako iturriak Oñatiko historia eta arte bilduma, La amargura del cacao y la magia del chocolate en Oñati, Oñati gure herria, Memorias de aquel Oñati eta Oñati eta Gipuzkoaren bategitea 1845 liburuak izan dira beste hainbaten artean. Gainera, Kontzejupetik aldizkariko Oñati Kalerik Kale monografikoak ere oso lagungarri izan dituzte. Lehen mailako iturrietara jotzeko aukera ere izan dute. Udaletxeko artxibora egindako bisitan Izar Salaberri artxibozainak funtzionamenduari buruz emandako azalpenak ere baliagarriak izan zaizkie. Jerardo Elorzaren omenez antolaturiko erakusketa ere aprobetxatu genuen gure lanak aberasteko.
Behin dokumentazio lana amaitu eta gune bakoitzari buruzko behin behineko testuak idatzita, Xabier Zelaiaren laguntza ere izan zuten, lanen errepasoa egin eta zuzenketa proposamenak zein informazio osagarria eskaini zizkien. Azkenik, argazki zein testuei forma eman die Canva diseinu aplikazioa erabilita.
Erakusketa egubakoitzera arte, ekainak 22, egongo da ikusgai.