Kiroldegi berriak nolakoa behar duen zehaztu dute

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko mai. 17a, 09:34
Zubikoa kiroldegia
Lan handiena gune hezean egingo badute ere, igerileku biak handituta eta aldagelak putzuen parean jarrita, gimnasio handiagoa eta bi sauna izango ditu kiroldegi berriak. 2019ko bigarren erdian hasiko dituzte lau milioi euroko kostua duten lanak.
Oñatiko Udalak Zubikoa kiroldegia eraberritu eta handitzeko proiektua idatziko duen zerbitzua kontratatzeko prozedura hasi du. Udalak hainbat baldintza finkatu ditu eta proiektuak baldintza horiek jaso beharko ditu. Lehen fase honetan, enpresak aurkeztu beharko dira proiektua egiteko prest daudela esateko, eta obra nork egingo duen esleitu ondoren hasiko da enpresa hori proiektua bera lantzen.
Gero etorriko dira obrak.

Hezea eta lehorra

Baldintzak lau atal nagusitan banatu dituzte: igerilekua, gainontzeko kiroletako kantxak, zerbitzu orokorretako langileen guneak eta padel erabilerarako esparrua. Kirol zinegotzi Borja Moiuak azaldu duenez, igerilekua handitu egingo da, bai, baina lanak ez dira esparru hezean bakarrik egingo, kiroldegi osoan egingo dituzte, esparru lehorreko zerbitzuetan barne; kiroldegi osoa eraberrituko dute.
 
Aldaketa handiena, hori bai, igerilekuak dauden aldean egingo dute. "Baldintzetan jarri dugu igerileku handia hiru kaletan handitzea, gutxienez. Eta harmailak egoteko aukera. Norbaitek jasotzen badu, adibidez, lau kale handitu eta harmailarik ez, baloratu egingo da proposamena eta aztertu posible izango
litzatekeen edo ez. Txikia ere handitu egingo da eta horrek eragina izango du egun sauna dagoen eremuan. Aldagelek igerilekuen parean egon beharko dute eta baldintza horrek aerobik eta karate geletan izango du eragina. Zerbitzu horiek gero ere egongo dira, baina eremu hezea handitzeak beste zerbitzu
horiendako tokia egotea eskatzen du. Espazio hori, adibidez, eraikinari goian beste solairu bat eginda lortu daiteke. Baina hori enpresek aurkeztuko dituzten proiektuetan ikusiko dugu", azaldu du Borja Moiuak.

Epeak

Kiroldegi berrian bi sauna egongo dira, lehorra bata eta hezea bestea, eta sarrera ere ez da oraingoa bezalakoa izango. Kantxa berdeko teilatua konpondu egingo dute, eta pilotalekuko paretan dagoen sabela kendu. "Sabel hori tenis pistatik datorren urak sortu duen edo ez ikusi beharko da eta horretarako tenis
pistan ere egin beharko dira lanak", zehaztu du Moiuak. Kantxa urdineko tenperatura baxua eta aldageletako ur arazoa ere konpondu gura dituzte lan hauekin. Gimnasio berria handiagoa izango da eta litekeena da squashean jokatzeko gela bat gutxiago egotea gero, gimnasioaren mesedetan. Padel pistak
jartzea ere badator jarritako baldintzen zerrendan.
 
Baldintzen plegua argitaratu du orain Udalak, eta ekainaren 1era arte dute enpresek euren proposamenak aurkezteko. Proiektua bera udazkenerako egongo litzateke gertu eta ondoren hasiko lirateke obrak. Horiek,
baina, ez 2019ko uda aurretik.
 
Obrek zenbat iraungo duten oraindik ez dago jakiterik, baina litekeena da kiroldegia itxita egon behar izatea lanak egiten dituzten bitartean. "Aproposena litzateke gune batean ari diren bitartean bestea zabalik egotea, baina ez dakit hori posible izango den edo ez, batak bestea eskatzen duelako. Horregatik jaso
dugu baldintzetan kiroldegia itxi beharra egonez gero ahalik eta denbora gutxien egotea", dio Kirol zinegotziak. Hori, baina, proiektua zehaztutakoan jakingo dela dio Moiuak, eta adituek esango dutela noiz.

Ikastaroak

Obrak egiten dituzten bitartean kiroldegiak emango duen zerbitzua ez da erabatekoa izango; ez, behintzat, ikastaroei dagokienez. Moiuak esan duenez, ikastaro asko dituzte kiroldegian eta zaila izango da horiek beste herri batean eskaintzea; beraz, tamalez, ez dute ikastarorik eskainiko eraberritze lanetan ari diren sasoian. Bazkideek inguruko herrietako kiroldegiak erabiltzeko modua, baina, izango dute. Aretxabaletako eta Legazpiko kirol ordezkariekin jarriko dira harremanetan Oñatikoak, oñatiarrek hango instalazioak erabil ahal izan ditzaten

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak