Endika Ruiz: "Inori ez zaio gustatzen beheko mailan egotea, baina helburua izan behar da eguneroko lana"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko eka. 15a, 08:00
Endika Ruiz Aloña Mendiko futbol talde nagusiko entrenatzaile berria.

Aloña Mendiko Erregional Preferente mailako taldearen ardura hartu du Endika Ruizek (Oñati, 1990). Futbol entrenatzaile izateko hiru tituluak atera berri ditu. Titulua bakarrik ez, "indarra" ere baduela erronkari aurre egiteko azaldu du. Uztailean taldea osatu, eta abuztuaren erdialdean hasiko dute denboraldi-aurrea.

Nola hartu duzu Erregional Preferenteko entrenatzaile izatea?
Hasiera batean, ilusio eta gogo handiarekin hartu dut, baina, era berean, errespetua ere ematen du. Erantzukizun handia da kirol saileko talde indartsuenetako baten ardura hartzea. Erronka potoloa dela esango nuke, eta indarrarekin nago.

Maila txikiagoetan entrenatzaile izandakoa zara. Nolako aldea egongo da?
Maila guztiek dute alde ona eta txarra. Umeekin zabiltzanean, horien ilusioa dago, baina zailtasunak ere badituzte. Talde nagusiaren entrenatzaile izateak hiru entrenamendu indartsu izatea ekarriko du, taktika ere entrenatu beharra... Nire estiloa jartzen saiatuko naiz.

Aloña Mendi ezagutzen duzu. Hori alde izango duzu?
Bai, baina horrekin ez dut ezer irabazita izango. Elkartea ezagutzeak noranzkoa hartzeko orduan lagunduko dit. Erabaki asko hartu beharko ditut, urte osoa kontuan hartuta, milaka erabaki...

Emaitzek nolako pisua izango dute eguneroko lanean?
Garbi daukat aldaketa nagusia hor egongo dela. Maila txikiagoetan, lehiaketak berak badu garrantzia, baina beste gauza batzuei ematen diegu garrantzi handiagoa. Niri, irabaztea gustatzen zait. Irabazi esaten dudanean, esan nahi dut entrenamenduetan ere irabaztea; hau da, talde moduan eta norbanako moduan borroka egitea, eta irabaztea. Hori egiten badugu, emaitzak ere alde izango ditugu.

Azkeneko bi denboraldiak Erregional Preferente mailan egin ondoren, helburua mailaz igotzea izango da?
Inori ez zaio gustatzen beheko mailan egotea, baina helburua izan behar da eguneroko lana. Igoerari beste izen bat jarriko diot: ilusioa. Eguneroko lana ondo eginez gero, etorriko dira emaitzak. Gainera, oso zaila da sailkapenean lehenengo geratzea: 18 taldetatik bakarra geratuko da lehenengo. Horretarako, pertseberantzia eta gogo handia eduki behar da.

Zeintzuk izango dira ligako talde indartsuenak?
Oraindik guztiz erabaki barik dago taldea nortzuk osatuko dugun. Urola da mailaz jaitsi den talde bat, eta aukari gogorra izango da. Bestalde, Mondrak, Aretxabaletak... filialak dituzte gure ligan. Ez dira partidu samurrak izango.

Nortzuk izango dituzu laguntzaile lanetan?
Bigarren entrenatzailea nor izango den zehaztu barik dugu. Profil zehatz bat zehaztu dugu, eta horren bila gabiltza. Bestalde, prestatzaile fisikoa Aimar Lizarra izango da.

Esan duzu kirol saileko talde indartsuenetako bat entrenatuko duzula. Era berean, mailaz jaitsita dago taldea. Nola erantzuten dute zaleek?
Azkoagain berezia da. Futbol usaina dago, belar usaina nabari da. Zaleak etortzen dira, esango nuke ez diotela etortzeari utzi. Zaleen babesa erabatekoa izaten da. Entrenatzailea izango naizela zabaldu denetik, dei eta mezu mordoa jaso ditut. Zale gehiago izatea lortzen baldin badugu, zerbait ondo egin dugun seinale izango da.

Zer da Aloña Mendi zuretako?
Familia bat da, lagun taldea. Beti ibili izan naiz Aloñan, ez dut beste talderik ezagutzen; beraz, pasioarekin bizi dut. Giro ona dugu, laguntasuna nabari da. Esan daiteke Aloñarekiko pasioa barruan dudan zerbait dela. Une onak eta txarrak bizi arren, zoriontsu izan naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak