Fito Rodriguez (Txillardegi Liburutegia Herri Ekimena taldeko presidentea): "Idazleku eta gordeleku izan zuen Arantzazu"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko eka. 9a, 09:06
Fito Rodriguez, EHU-ko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean. Argazkia: Irutxuloko Hitza

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren omenezko oroigarri bat Oñatin jartzea adostu zuen udalbatzak, aho batez, aurreko asteko osoko bilkuran. Hori bultzatu duen Txillardegi Liburutegia Herri Ekimenak taldeko presidentea da Fito Rodriguez.

Pozik –elkartea eta familia–, Oñatiko Udalaren erabakiarekin?

Oso pozik; egia esan, orain arte albiste txarrak bakarrik bildu ditugu, eta honako honetan uzta ona izan da. Pentsatzen dugu aitortza hori abiapuntua dela Euskal Herriko beste toki batzuetan –Iparraldean zein hegoaldean– merezimendu eta aitortza hori lortzeko.

Txillardegik sarritan lotzen zituen erabilitako ezizenak toki zehatzeko izenekin; adibidez, Usako zen bere sinaduretako bat.

Hori da, Oñatiko presa eta parajearen izena zen erabili zituenetako bat. Oso lotuta zegoen tokian tokiko jendearekin eta toponimiarekin, eta hizkuntza ezberdinekin ere bai –dialektologia eta soziolinguistika ere landu zuen hark–. Idazten zuen gaiaren edo arloaren –itzultzaile moduan, politikari moduan edo soziolinguistika aditu moduan– edo idazten zuen tokiaren arabera aukeratzen zuen gaitzizen bat edo beste. Klandestinitatean bizi zen; hortaz, ezinbestean behar zituen gaitzizenak.

Zelako lanak sinatzen zituen Usako izenarekin?

Gehienbat, Belgikan erbesteratua zegoen garaian, han sortu zuten Branka aldizkarian; euskal intelektualen bilduma bat zen.

Ez da hori, baina, Oñatirekin zuen lotura bakarra, ezta?

Ez; Enparantza familiak Oñatiko Araotz auzoan du jatorria, handik joan ziren Donostia aldera. Horrez gainera, Arantzazun ere sarritan izaten zen; Milikua etxean, lan asko egin eta idatzi zuen, eta gorde ere, askotan gorde zen bertan. Arantzazurekin beti harremanetan izan zen.

Arantzazu aipatuta, euskara batuaren hastapenak bertan sortu ziren orain dela 50 urte; eta, atzerritik bada ere, Txillardegik parte hartu zuen prozesuan.

Halaxe da, bai; 1956an, euskara batuaren lehenengo aldarrikapena idatzi zuen Txillardegik, baina ezin izan zuen aurkeztu, erbestean zegoelako; eta 1968an ere, Euskara Batuaren Asanblada Arantzazun egin zutenean, atzerrian zegoen oraindik, baina funtsezkoak izan ziren euskara batuaren aldarrikapenak bidali zituen. Hala ere, Ibon Sarasolak argi eta garbi planteatzen du Txillardegi izan zela euskara batuaren aita, egin zituen bi proposamen horiengatik.

Hain justu, Milikuan jarriko duzue oroigarria. Zein izan da prozesua?

Elkartetik ikusi genuen Donostian ez zegoela aurrera jotzerik, eta beste toki batzuetara joan ginen, eta, horien artean, Milikua etxera. Oso pozik hartu zuten aurkeztu genien proposamena, eta Oñatiko Udalari egin zioten eskaera. Udaleko ordezkariek ere oso egoki ikusi zuten memoriaren ikuspuntutik eta hausturari aurre egiteko; hau da, justizia poetikoa egiteko.

Datarik baduzue zehaztuta?

Irailaren 27an jaio zen, eta horren bueltan jarri gura genuke. Hori guztia hornitzeko bestelako ekitaldiak antolatzeko asmoa dugu.

Elkartearen hurrengo asmoak?

Tokian tokiko aitorpen gehiago lortzen saiatuko gara, baina, horrez gainera, Txillardegi Katedra sortzeko aldarrikapena egin gura dugu. Intelektual izugarria izan zen, eta arlo askotan oso funtsezko ekarpenak egin zituen; hortaz, hark jorratutako ildo horietatik jarraitu ahal izateko, ikerkuntza, hedakuntza eta irakaskuntza ere saiatu behar da gordetzen eta sustatzen; horretarako, katedra da figura akademikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak