Jerardo Elortza: "Argazki zaharrekin hobeto ezagutu dut herria"

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko eka. 4a, 15:33

Jerardo Elortza, Oñatiko kale Zaharrean oinez
Gertukoa da oso Jerardo Elortza (Oñati, 1944), eta, horregatik eta duen jakinduriagatik, askok jo dute harengana laguntza eske. Baita GOIENAk ere. Egindako lanagatik eskerrak emateko egubakoitzean hasi zen omenaldia antolatu du herritar talde batek, baina "asmazio" horren inguruan baino gehiago, beste gai batzuei buruz galdetu diogu.

Hasi aurretik, Jerardo, eskerrik asko egin duzun lanagatik eta laguntzeko beti prest egotearren!
[Barre] Herriko pertsona, toki edo pasarteen inguruko lana jasotzea gustura egiten dudan lana da.
 
Euskara dela, historia dela, ondarea dela... beti herria ahaztu barik, Oñatik esparru horietan duena jaso eta zabaltzeko.
Herria bere osotasunean hartuta. Felix Ugartek erakutsi zidan herria ez dela plaza, erdiko kaleak eta lau eraikin bakarrik. Herria auzoak, zubiak, armarriak, herritarrak eta ur-putzuak ere badela. 150 ur-putzu zenbatu genituen behin Oñatin.
 
 
60-70eko hamarkadetako kultur berpizkundearen gaineko mahai-ingurua egingo da ekainaren 6an. Horren lekuko eta eragile izan zinen zu ere. Nolakoa izan zen?
Garai hartan sortu zen Oñatz kultura elkartea, esaterako. Beasainen bazen antzerako talde bat ordurako. Herriko neska-mutilak harremanetan jartzeko bide bat izan zen Oñatz. Lehen, eguenak izaten ziren nobioarekin eta nobiarekin egoteko egunak, eta kuadrilla ederrak sortu ziren han. Antzerki taldeak ere bai, bat euskaraz eta beste bat gazteleraz. Euskarazkoan, esaterako, Arthur Miller-en Nire seme denak antzezlana egin genuen. Ikastola ere orduan hasi zen indarra hartzen... Garai hartan Oñatin bakarrik ez, mundu osoan ari ziren aldaketak gertatzen; 1968ko Paris eta aurreko urteak, adibidez.
 
Euskaraz egiten zenuten orduan kalean?
Mutilok bai; neskek, kalean, erdaraz gehienek. Auzoetan gehiago entzuten zen euskara.
 
Inoiz jaso duzu zigorrik euskaraz berba egiteagatik?
Zigorrik ez, baina atentzioa eman bai. Umetan erdaraz egin nituen ikasketak. Seminarioan kantuak ere gazteleraz ziren. Antzuolako irakasle bat izan genuen eta hark erakutsi zigun abesti bat euskaraz. Bestela, Reyes Korkostegi alkatea etorri zen egun batean, Agur jaunak abestu genuela da oroitzen dudan bakarra. Saturraranen Gipuzkoako beste herri askotako ikasleekin egin nuen topo eta han gehiago entzuten zen euskaraz. Donostiara joan nintzenean ere zortea izan nuen, bizpahiru irakasle militante izan nituelako.
 
Eta haiekin hasi zinen euskal idazleak ezagutzen?
Garro, Axular... ezagutu genituen. Euzko gogoa-ren berri ere izan genuen, Arantzazun Jakin egiten hasi zirela entzun... 1966-1967 urteetan Oñatiri buruzko gehigarri bat egin zuten Zeruko Argia-n eta oñatieraz idatzi nuen. Horixe izan zen Oñatiko euskaran idatzi dudan lehen testua.
 
Hamarkada hartan, baina, Oñatin ere hasi zineten agerkariak kaleratzen.
1971n argitaratu zen lehenengoa. Felix Ugartek jarri zuen martxan ideia hori, ni laugarren alean batu nintzen taldera. Lehen alean gazteleraz ziren, Boletín de la Biblioteca Municipal de Oñate izenarekin.1973ko abenduko alea Oñatiko Liburutegiko Agerkaria zen aldizkari txiki horren izen ofiziala. Lehenengo aleko garai hartan soldadutzan nintzen ni. 1970ean joan nintzen, marinara. Galizian egin nuen eta oso esperientzia txarra izan zen. Sahara zapaltzeko aukera izan nuen, ordea, birritan egon nintzen.
 
Zeri buruz idazten zenuten?
Herriko demografiari buruz, etnografiari buruz edo kalean egindako inkestei buruzko artikuluak daude, esaterako. Horrez gain, lehen filmak grabatzen ere orduan hasi ginen. Esaterako, lihogintzari buruzkoa, Zubillagan, eta Corpusei buruzkoa. Super 8 kamera batekin egin genituen lan horiek. Agerkari horrek Oñatiko historia eta arte bilduma liburua kaleratu zuen urte batzuk geroago.
 
Zer proiektu izan zen hura?
1982an kaleratu genuen liburua, eta izan du bere garrantzia, bai. Herritar talde bat elkartu eta bakoitzak funtzio bat hartuta atera genuen. Batek, adibidez, argazkiak atera, beste batzuek testuaz arduratu, beste batzuek idatzi... Hor izan ginen [zuri beltzeko argazkian, ezkerretik eskuinera]: Pedro Luis Ormazabal, Felix Ugarte, Adelina Moya, Xabier Zelaia, Maixabel Elortza, Juantxo Madariaga, Luxio Ugarte, Jerardo Elortza, Jerardo Agirre, Agustin Goenaga, Iñaxio Irizar eta Jesus Etxezarreta. Oñatiko baserriak, zubiak, eraikinak, iturriak, planoak... sartu genituen liburu hartan. Ia 400 argazki datoz guztira.
 
 
Auzolanean egindako lana izan zen?
Bai. Interesa genuen lagun kuadrilla bat elkartu eta guztion artean egin genuen. Diozu lan horrek bidea erraztu ziela gero egin ziren beste batzuei. Etnografian egindako lanendako lagungarria izan zen, adibidez. Kapirixon ere bai...
 
Galegoz eta katalanez ere idatzi ei duzu zer edo zer.
Soldadutza egin nuen bitartean ikasi nuen galegoa eta haur literaturako bi ipuin itzuli nituen euskarara. Baita katalaneko antzezlan bat ere. Herrian antolatu diren ekimen askotan hartu izan duzu parte. Zorte handia izan dut. Herriko talde askotan egon naiz eta hori pozgarria da niretako.
 
Kontzejupetik aldizkarian publikatzen dituzun argazki zaharretan ikusten dugu zenbateko lana hartzen duzun herritarrak identifikatzen eta agertzen dena azaltzen.
Herria hobeto ezagutzeko modua izan da argazki zaharrena. Jende asko ezagutu dut eta ondo hartu naute beti.
 
Noiz hasi zinen horretan?
Arrasate Press aldizkarian hasi nintzen, Jose Felix Diaz de Tuestak eskatuta. Norberak norberaren herrikoa errazago eta hobeto egin dezake eta Kontzejupetik aldizkarian atal hori egitea pentsatu genuen. Laixanen garaian argazki zaharrak ez ezik, herritarrekin elkarrizketak eta herriko ondarea ezagutzeko atalak ere izan genituen herriko hilabetekarian. Behin erabaki nuen lan horri uztea, argazki zahar gehiago ez argitaratzea, baina herritarrak etorri egiten ziren niregana euren istorio eta antzinako argazkiekin. Gustatzen zitzaiela ikusi nuen. Eta lan hori berreskuratzea erabaki nuen.
 
Zer duzu orain esku artean?
Euskararekin zer harreman izan dudan jasoko duen lan bat. Hor idatziko dut, adibidez, zer nola ezagutu eta nolako harremana izan dudan Rikardo Arregirekin, Gabriel Arestirekin, Aita Villasanterekin, Alfontso Irigoienekin eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rekin, adibidez. Baita artxibozainekin dudan harreman eta nola amentzeratu nintzen gai honekin. Egan aldizkarirako eskatu didate lan bat egiteko, eta
horixe aukeratu dut. Dagoeneko hogei bat orri idatzi ditut eta 1965eraino heldu naiz bakarrik...
 
Herriak eskerrak eman gura dizkizu orain eta omenaldia prestatu du. Zer iruditzen zaizu?
Badakit horretan ari direla, bai, ni berandu enteratu naizen arren. Egun bateko ekitaldia ez, aste osoko programa prestatu dute, gainera.
 
 
--------------------------

Liburua eta trena

Iraupen luzeagoko proiektuak ere egingo dituzte omenaldiaren barruan. Udalak, esaterako, Jerardo Elortza izena izango duen liburu bilduma aterako du. "Oraindik zehazteko dugu zenbat ale eta hurrengoak zeri buruzkoak izango diren, baina lehenengoak Elortzaren bizitza eta lana jasoko du. Dabid Zapirainek zuzenduko du eta Iñigo Biain oñatiarra ari da egiten. Gabonetarako argitaratzea da asmoa", azaldu du Nerea Zubiak.
 
Ikastetxeek ere parte hartu gura izan dute ekimen honetan, eta, trena gaitzat hartuta, proiektu bat hasi dira egiten. Euskarri digitalean egingo dute eta museo bat ere prestatuko dute. "Gurako genuke gazte talde bat sortzea ondarean, historian, interesa duena", dio Martin Jauregialtzok hiru ikastetxeen izenean.

Omenaldia prestatu dute

Duela urtebete pasa hasi ziren Jerardo Elortzari eskerrak emateko ekitaldia antolatzen. Aste Santu aurretik esan zioten hari. "Sustoa hartu zuen eta berehala hatz erakuslea batera eta bestera mugitzen hasi zen, ezezkoa adierazteko. Baina ondo lotuta genuen dena, baita non eta noiz esan ere", dio irribarrez bere lagun Txaro Barturenek.
 
Herriko eragile askok hartuko dute parte omenaldi honetan eta oso harrera ona izan duela dio Kepa Elortzak: "Denei ondo iruditu zaie eta prest egon dira laguntzeko eta parte hartzeko. Izugarria izan da. Oñatin askok jo dugu berarengana noiz edo noiz laguntza eske. Gu bakarrik ez, San Telmoko zuzendariak esana da zerbaiti buruz ezer jakin gura duenean Jerardo Elortzari deitzen diola. Beti egon da prest laguntzeko eta merezitako aitortza izango da".
 
60-70eko hamarkadetako kultur berpizkundea Oñatin nola bizi izan den hartuko dute ardatz ekainaren hasierako astean egingo dituzten ekitaldietan. Bere lan ibilbidea www.jerardoelortza.eus atarian hasi dira biltzen. Garbiñe Garai, Jotxo Larrañaga, Ander Lizarralde eta Irantzu Elortza ari dira lan hori egiten.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak