Urgaingo bikote bat saritu du Elkarrek

Iker Oñate 2018ko mai. 25a, 10:20
Eneko Moiua eta Julen Martiarena, Pello Añorga idazlearekin. Argazkia: Borja Moiua.

Azken urteetako ohiturari jarraiki, Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa antolatu du Elkarrek. Eta jada jakinarazi dituzte irabazleen izenak; Urgaingo bikote bat dago horien artean –LH3-LH4 mailan–. Zapatuan jaso zuten aitortza, Pello Añorga idazlearen eskutik.

Jakinarazi dituzte Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketako hamargarren edizioko irabazleen izenak. Eta Urgain eskolako Julen Martiarena eta Eneko Moiua ikasleak daude horien artean –Lehen Hezkuntzako 4. mailan dira horiek–. Hala, zapatuan jaso zuten euren aitortza, Donostiako Elkar dendan. Eta sariaz gozatzea dagokie orain –jolas sorta eta 60 euroko opari txartela jaso dute opari–. "Oso pozik gaude lortutakoarekin", aitortu du Urgaingo bikoteak. Esan beharrekoa da, orotara, 7.800 lan baino gehiago aurkeztu direla aurtengo edizioan; LH3-LH4 mailakoen kategorian lehiatu dira Martiarena eta Moiua.

Zehatz esanda, ikastetxean landurikoa aurkeztu zuen bikoteak: Pello Añorga idazleak idatziriko Ametsen basoa ipuin laburra ilustratzea zen euren zeregina –argitaratu bako lana da hori–. Eta muga bakoa zen sorkuntza teknika. Hala, tela eta paper zurrun zatiez egindako lana aurkeztu zuen Urgaingo bikoteak. "Besteekin alderatuta, bazituen berezitasunak. Desberdina zen. Eta esan daiteke mesede egin digula horrek", azaldu du Moiuak.

"Hainbat elementu irudikatu ditugu: sugarrak, autoa, zigarroa, erretzen dabilen basoa... Aukeratutako ipuin zatia ilustratzen lagundu digu horietako bakoitzak", argitu du Martiarenak. Hain zuzen ere, auto batetik eroritako zigarroak eragindakoak hartu dituzte oinarri –besteak beste, horixe bera gertatzen da ipuinean–. I

kaskideen zorion mezuak

Elkarrek urtarrilean aurkeztu zuen lehiaketa. Eta Urgaingo ikasleek ostean ekin zioten sorkuntzak lantzeari. "Bakarka egiteko ariketa zen. Baina ez genekien zer egin. Beraz, galdetu ostean, bion artean egiten utzi zigun irakasleak. Nork bere ekarpena egin du lan honetan", diote. Eta, bukatuta, "gustura" ziren egindakoarekin: "Ilustrazio polita zela ikusi genuen; eta desberdina. Beraz, hor zeuden irabazteko aukerak".

Hala, esperantzak ez zien hutsik egin. Orain, aitortza esku artean, ikaskideen zorion mezuak jasotzen dabiltza. "Ikaskide askok zoriondu gaituzte. Polita da hori. Oso pozik gaude", aitortu du Martiarenak.

Sormenerako pizgarri

Besteak beste, irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko bitarteko da Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa; haurrak eta gazteak ditu jo puntuan. Eta hiru modalitatetan banatzen da hori: Ipuina ilustratu, Ilustrazioa ipuin bilakatu eta Komiki edo bineta sortu. Lehenengoan esku hartu du Urgaingo bikoteak.

Bestetik, esan beharrekoa da lehiaketak ez duela edozelako epaimahaia izan: haur eta gazte literaturan aditu direnek osatu dute. Eta askotarikoak izan dira horiek izan dituzten balorazio irizpideak. Besteak beste, aurkezturiko lanen originaltasuna, kalitatea eta emandako oinarriaren esentzia jasotzeko gaitasuna baloratu dituzte. "Oso ondo erabili dute collagearen teknika. Konposizio ederra osatu dute, tartean, kolore nahasketa egokia erabiliz", esan zuen epaimahaiak sari banaketa ekitaldian

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak